Edoskitzaro-baimena: ELAk eskatu dio Osakidetzari Akordio Erregulatzailearen 44. artikulua aldatzeko

2013/07/15
ELAk idazki bidez eskatu dio Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari Pertsonalaren Lan-baldintzen Akordio Erregulatzailearen 44. artikulua aldatzeko: "Haurdunaldi, erditze, edoskitzaro, adopzio eta atospenaren lizentzia".

Aipaturiko artikuluan honela esaten da: “edoskitze artifizialaren kasuan, lanaldia eteteko edo murrizteko eskubidea aitari ere aitortu ahal izango zaio, aldez aurretik hala eskatu badu, eta amaren langile dela egiaztatu eta baimenari uko egiten diola edo hura hartzerik ez duela frogatu ondoren”. ELArentzat hor sexu-diskriminazioa dago, eta hala ulertu du, halaber, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren Bigarren Salak, 2010eko irailaren 30ean emandako epaian.

Aipaturiko epaiaren arabera edoskitzaro-baimena aitari ere aitortu behar zaio, amak lan egiten ez duenetan ere, edoskitzaro naturala ez denez seme-alaba zaintzeko denboratzat hartu behar dela argudiatuz, familia eta lana uztartzeko neurri baten gisa.

Gainera, Akordio Erregulatzailea egokitzen ez den bitartean, ELAk Osakidetzaren Giza Baliabideen Zuzendaritza premiatzen du neurriak berehala hartzera, zerbitzu-antolakundeek puntu hori egokiro interpreta dezaten.

Ikus argibide-orria