ELA berriz ere eskatu nahi dio Eusko Jaurlaritzari Espainiar Gobernua premiatzeko ebolaren aurkako borrokan engaiatzera

2014/10/07
Madrilen azaldutako kasuaren aurrean ELAk errepikatu egin nahi du infekzio honen jatorriari aurre egin behar diogula hemen bertan pandemia bat izaterik nahi ez badugu. Era berean, egokia izan daitekeen protokolo bat daukagula jakinik, Osakidetzako erakunde guztiek bere langileei protokolo honen berri emateko galdegiten du.

ELAk bere elkartasuna adierazi nahi die Ebolaren ondorioak jasaten ari diren pertsona guztiei. Horrez gain, atzokoan Osasun Ministroa buru zutela prentsaurrekoa eman zuten eta bere ez-gaitasuna erakutsi zuten pertsona guztien dimisioa eskatzen du.

Halaber, ELAtik aitortu nahi dugu, orain dela hilabete bat sortu zen anabasaren aldean, azken gertaeran modu egokian abiarazi dela jardute-protokoloa, zer hobetu noski edonon badago ere, “0 arriskurik” ezinezkoa baita. Horrez gain, jakin badakigu kasu isolaturen bat izango bagenu gure osasun sistema aurre egiteko prestatuta dagoela. Hala eta guztiz ere, oraindik ere salatu behar dugu Osakidetzako erakunde batzuek gaixotasun honen aurrean eman beharreko urratsei buruzko informaziorik ez dutela elkarbanatu bere langileekin.

Edonola ere, birus hori Euskal Herrira heldu ote zen hasierako kezkak arindu badira ere, ELAren ustez birusaren sorreraren muinera jo behar dugu zuzenean, handik hedatzerik izan ez dezan. Han, ebola benetako kontrolik gabe hedatzen da, eta bizirik geratzen diren osasun-langileek, kutsatzearen beldurrez, ihes egiten dute. Hango osasun-egitura ahula suntsitzen ari da, ez dago laborategi nahikorik behar diren probak egiteko, eta izurriaren benetako nondik norakoa ezagutzeko, ospitaleetan ez dago isolamendu-aretorik, gaixoek beren gaixotasuna ezkutatzen dute bertan behera lagata geratzearen beldurrez... Ondoriozko egoera ikaragarria da, gaixotasuna tratatzeko modukoa izan arren hango biztanleak hiltzen ari dira.

ELAk bere elkartasuna agertzen die izurri hori pairatzen duten herrialdeei; batez ere, Osakidetzako sindikatua den aldetik. Gure elkartasuna eta miresmena erakusten dizkiegu hain egoera larrian gaixotasun horri aurre egiten dioten osasun-profesionalei.

Egoeraren larritasunak munduko erantzun koordinatua eskatzen du, baina orain arte izurriari aurre egiteko ahalmena duten herrialdeak ez dira prest egon benetan parte hartzera. Herrialde aberatsok erantzukizuna dugu, izurriari hegoaldeko Afrika suntsitzen ez uztearena, eta gaixotasuna munduan zehar hedatzen ez uztearena. Ikuspuntu egoista huts batetik ere hobe da Afrikan geldiaraztea gaixotasun ikaragarri hori, gureganaino heldu baino lehen; elkartasuna eta justizia ez badira argudio nahikorik, bizi-senak behintzat eraman beharko gintuzke ebolaren aurkako borrokan bete-betean sartzera.

Jakin badakigu herrialde bakar batek bere kabuz ezer gutxi egin dezakeela borroka horretan; horregatik, ELAren iritziz, instituzioak presionatzea dagokigula, guk gure aldetik Eusko Jaurlaritza premiatzen dugu berriz ere, Espainiako Gobernura jotzera, eta hark Nazio Batuetan fronte amankomun bat antolatzera. Jarraibideak proposatze aldera, kanpaina mediatiko bati ekiteko eskatzen dugu, Espainiako Gobernuaren geldotasuna astintzeko asmoz.

ELAk Eusko Jaurlaritzari proposatzen dio laborategi bat eta isolamendu-zentro bat ezartzea, Munduko Osasun Erakundeak gomendaturiko leku batean; horrela eredutzat agertuko da Espainiako Gobernuaren aurrean. ELAk, bere aldetik, pertsonal boluntario lortzen lagunduko du, instalazio horietan lan egiteko. Guk baino baliabide askoz gutxiago dauzkaten herrialdeek jadanik medioak bidali izanak lotsatu egin beharko gintuzke.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bilera-deia egin dezan, eta Osasunaren Nazio Sistemaren Lurralde-arteko Kontseiluak bere iritzia eman dezan.

Azkenik, aurreko beste batzuetan gertatu den ez bezala, ez dugu nahi gure presioaren ondorioz farmazia-industria aberastea.

Denon ardura da izurri horri aurre egitea, giza oinazearen aurrean ezin gara sorgor geratu, nork bere koskorra jarri behar du, ebola geldiarazi nahi badugu.