ELA eta LAB sektoreko mahaitik altxatu dira antzerki hutsa dela salatuz
Batetik, ELA eta LAB sindikatuek, Osakidetzaren mahai sektorialean ordezkaritza dutenak, eta bestetik ESK-k, sektorean bai baina mahaian ordezkaritzarik ez duenak, hilabeteak daramatzate benetako negoziazioa aldarrikatze aldera. Horregatik hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute Osakidetzaren Gasteizko egoitza nagusiaren aurrean datorren ostegunean, ekainaren 2an, eguerdiko 12:30etan; izan ere, data horretan ELA eta LAB mahaiaren bilera berri batera deituak izan baitira.
Deialdi honetan, ELA eta LABek mahaia uztea erabaki dute, ez dutelako iruzur horretan parte hartu nahi, izan ere, sektoreko langileak engainatuta izan nahi baititu administrazioak. “Soldata, kontratazio edota zerbitzuetan murrizketa etengabeak ezarri dituzten testuinguru honetan, administrazioa mugatzen bada informatzera eta alde bakarrez hartutako erabakien berri ematera, horrek ez du balio Osakidetzako langileen beharrizanei erantzuteko, ezta beren lan baldintzak hobetzeko ere” diote sindikatuek.
Hori horrela izanik, ELA eta LABek kalera irtetea erabaki dute, ESK zain zutela, borroka eta mobilizazioarekin merezitako errespetua irabazte aldera euskal osasungintza publikoan lan egiten dutenek. Halaber, kontzentrazio gehiago iragarri dituzte ekainaren 7, 14 eta 21erako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan eta udazkena ere sutsua izango da.