OSAKIDETZAKO HAUTESKUNDE SINDIKALAK
ELA korporatibo ez den lehen sindikatu gisa kontsolidatu da
ELAk 81 ordezkari lortu ditu guztira, gaur egun baino 7 gehiago eta lehen sindikatua da Bidasoako ESIko eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Langile Batzordean; Goierri Urola Garaia ESIko eta Tolosaldea ESIko Langile Batzordean; Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko, Gorlizko Ospitaleko eta Santa Marina Ospitaleko Langile Batzordean; Gipuzkoako Enpresa Batzordean; Erakunde Zentraleko eta Emergentzietako Langile Batzordean; eta ESI Errioxa eta Arabako Osasun Mentaleko Sareareko Langile Batzordean.
Emaitza hori, zalantzarik gabe, azken urteetan egindako lanari emandako babesa isladatu du. Osakidetza agenda publiko eta politikoan kokatzea lortu duen kontrabotere-sindikalismoari emandako babesa, hain zuzen ere. Gaur egun inor ez da ausartzen zalantzan jartzen Osakidetzak egiturazko arazoak dituela eta arazo horiei aurre egin behar zaiela.
Arazo larri horiei aurre egiteko, ezinbestekoa da plantilla osoaren lan-baldintzak hobetzea, kategoria edozein dela ere. ELAren ustez, argi dago ezinezkoa dela kategoria batek lan- baldintza onak izatea kolektiboaren baldintzak hobetzen ez badira. Era berean, ezinezkoa da zerbitzuak modu egokian funtzionatzea.
Horretarako, inbertsioa handitu behar da, eta Osakidetzako Mahai Sektoriala edukiz hornitu behar da, eta ez foro paraleloak sortu, hala nola Osasun Ituna, mahai horrek gaia tronkalak jorratzen ez dituen bitartean. Eusko Jaurlaritzak, patronalak eta sindikatuek partekatzen duten diagnostikoaren alternatiba nagusia ELA dela frogatu da.
ELAk eskerrak eman nahi dizkie gaur beren hautagaiei botoa eman dieten guztiei. Eta Osakidetzaren aurrean aurpegia ematen jarraitzeko borondatea berresten du, egungo egoera benetan aldatzeko.