GALDAKAO-BARRUALDE ESI-KO EMAGINAK
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta SAE sindikatuek babesa eman eta dituzten lan baldintza eskasak salatu dituzte
Osakidetzako emaginen egoerak, eta bereziki Barrualde-Galdakao ESIan, urtez urte okerrera egin du, plantillan egiturazko hutsuena baitago Osakidetzak eskaintzen dituen lan baldintza eskasen ondorioz. Hori horrela, hutsuneak ez dira betetzen, eta egoera are gehiago okertzen du horrek.
Ekainaren 3ko Mahai Sektorialean agerian geratu denez, Osakidetzak planteatzen duen irtenbide bakarra da ordutegiak murriztea eta osasun zentroak ixtea, egiturazko gabezien eta plangintza faltaren aurrean. Osakidetzak ez du bermatzen Lehen Arretako zentroak ekipo osoekin irekiko direnik, eta emaginen falta oso adibide argia da, eta arrisku larrian jartzen ditu bai langileak, bai emakume erabiltzaileak. Emaginen faltaren arazoa larriagotu egin daiteke Osakidetzak une honetan irekita dituen prozesuekin, beste ESI batzuetara lekualdatu daitezkeelako eta plaza huts gehiago gera daitezkeelako.
Barrualde-Galdakao ESIko emaginen plantillak horrek dakarren lan baldintzen prekarizazioa azpimarratzen du; izan ere, langileen arrisku psikosozialetan eragin negatiboa du, baita emakume erabiltzaileen eskubideetan ere. Ez dira langileak ordezkatzen, emaginen agendak ixten dira, eta ondorioz, hainbat eginkizun egin gabe geratzen dira edo atzeratu egin behar dira: ama-hezkuntzako taldeak, zoru pelbikoa, zerbixaren baheketa, menopausia kontsultak, familia-plangintza eta kontrazepzioa bezalako probak...
Langileek dagoeneko eskatu diote Osakidetzari lan baldintzak hobetzeko eta udan dauden hutsune guztiak betetzeko; izan ere, baldintzak duinduta soilik erakarri ahal izango dira langile gehiago hutsunei aurre egin ahal izateko.
Sindikatuek Osakidetzari eta Barrualde-Galdakao ESIari eskatzen diete emaginen lan baldintzak hobetzeko eta une honetan dauden absentzia guztiak betetzeko. Bakarrik horrela bermatu ahal izango da emakume erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua ematen zaiela. Zuzendaritzak erantzunik eman ez duenez eta egoeraren larritasuna ikusita, elkarretaratze jendetsua deitu zen atzo Osasun Sailaren Bilboko egoitzaren aurrean, eta benetako eta berehalako konponbideak jorratzen ez badira, mobilizazioak areagotuko dira.