ELA, LAB eta CCOOek ez dute Osakidetzaren sektore-mahaiko bileran parte hartu bertako eduki guztiak aldez aurretik negoziatuta daudela iritzita

2019/10/29
ELA, LAB eta CCOOek uko egin diote, hirugarrenez, Mahai Sektorialean parte hartzeari, bileraren gai-ordeneko eduki guztik aldez aurretik negoziatuta, itxita eta sinatuta daudela iritzita, hain zuzen, SME, SATSE eta UGTrekin sinatuta jarraipen batzordean. Osakidetzari benetako edukirik eta negoziaziorik gabeko mahai paralelo bat sortzea leporatu diote. Azpimarratu dutenez, “ez dauka zentzurik halako Mahai Sektorialetan parte hartzeak, edukiak aldez aurretik itxita daudelako”.

ELA, LAB eta CCOOek azpimarratu dutenez, Osakidetza da egoeraren erantzule bakarra, bera baita Mahai Sektorialaren funtzionamenduaz arduratzen dena, eta sindikatuen ordezkaritza errespetatzen ez duena. Bide beretik, argi utzi dute egoera honek ez daukala zerikusirik sindikatuen arteko tentsioekin, Osakidetzak adierazi duen bezala bere erantzukizuna alboratu nahian.

Hiru sindikatuek berretsi dutenez, Osakidetzak edukiz hustu du Sektore Mahaia, 2017ko Enplegu Akordioaren jarraipen-batzordearen alde (SMEk, SATSEk eta UGTk osatua), eta negoziazio-mahai paralelo bat sortuz. Sindikatuen iritziz, neurri horrekin Osakidetzak negoziazio kolektiborako eta askatasun sindikalerako eskubideak baldintza baten menpe jarri ditu: bere akordioak sinatzearen menpe, beti ere, sindikatuen ordezkaritza kontuan hartu gabe eta Sektore Mahaiaren balioa gutxietsiz. Alde horretatik argi esan dute Sektore Mahaia dela negoziazio kolektiborako legezko eta zilegizko esparru bakarra.

Gaurko egunean, aurreko bi bileretan gertatu zen bezala, gai-zerrendan jasotako puntuak aldez aurretik negoziatuta, itxita eta jarraipen-batzordean sinatuta zeudela baieztatu dute, hau da, aldez aurretik adostutakoa zeukatena Mahaira eraman dutela betebehar formal bat betetzeagatik, baina ez edukiak fede onez negoziatzeko asmoz. Argi utzi dute, beraz, ez direla Mahai Sektorialera itzuliko “proposamen itxiak eta beste batzuekin sinatuak eramaten jarraitzen duten bitartean”.

Hiru sindikatuek Osakidetzaren jarrera salatu eta Mahai Sektorialaren negoziazio-ahalmena itzultzea exijitu dute. “Premiazkoa da lan-baldintzak arautzen dituen akordio berri bat (aurrekoa 2009an agortu zen), baita EPE bai garapen profesionaleko eredu berri bat jorratzea eta negoziatzea ere. Eta hori guztia berdintasunezko eta fede oneko negoziazio garden baten bidez gauzatu beharko da”.