ELA-Osakidetzak 218 ohe itxi izana eta plantilla murriztu izana salatzen ditu Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean

2012/07/03
Uda heldu da Osakidetzara, eta horrekin batera beroa eta murrizketak. Ospitaleko Zuzendaritzak 218 ohe itxi ditu eta plantilla murriztu.

ELA sindikatuak gaztigatzen du murrizketa-politikaren jasailerik handienak gaixoak eta Osakidetzako langileak direla. Izan ere, erabiltzaileen osasuna kateko mailarik ahulena izaten da.

Osasuna babesteko eskubidea osasungintzaren kalitatezko arreta emanez bermatu behar da. Gure agintariek, hala ere, murrizketak egiten dituzte baliabideetan; horren ondorioz zerbitzua nabarmen lorrinduko da, eta herritarren ongizatea eta osasuna kaltetu.

Esandakoaren argibiderik garbiena Gurutzetako Ospitaleko Zuzendaritzaren jokabidea izan da. Aurtengo udan aurreztu nahi izan dute, eta plantilla murriztea eta 218 ohe ixtea erabaki dute. Gaixoak espero zirenak baino gehiago ingresatu dira, baina itxitako oheak ez dituzte berriro ireki.

Eta beste ondorioa da zenbait zerbitzu gainez eginda daudela; horra hor arnas-zerbitzua, non hasiera batean 16 ohe itxi baitziren, baina gero gaixo gehiago ingresatu zirenez, planta osoa bete zen, baina behar besteko langilerik izan gabe. Beraz, 48 gaixo, askotariko patologia larriak zituztenak, artatzeko bi erizain besterik ez zegoen.

Ezin da arreta egokirik eskaini langileak etengabe murrizten badira, ezin da berdin aurreztu arlo guztietan. Aurreztu dezatela obretan eta aholkularietan, eta ez osasunean, ongizate-estatuaren oinarria baita.

Osakidetzako kudeatzaileei, oro har, eta Gurutzetako Ospitaleko kudeatzaileei, bereziki, ahantzi bide zaie arriskuan dagoena herritarren osasuna dela.

Lan-giroa, gehiegizko lan-karga, lan-eskubideetan egindako murrizketen ondoriozko ondoeza... nongura ikusten dira; eta ELAtik azpimarratu nahi dugu murrizketengatik langileek ezin dutela beren lana ondo egin, eta hori dela-eta kezkaturik daudela.

Horren aurrean, ELAk dei egiten die herritarrei osasuna babesteko eskubideari eusteko, eta osasun-zerbitzuak zein arreta kalitatezkoak izan daitezen behar diren baliabideez hornitzeko eskatzeko.

ELA Osakidetza

Gurutzeta/Barakaldo, 2012ko uztailaren 3a.