ELA-Osakidetzak bilera egin du Osasun sailburuarekin: lehengo lepotik burua
.- Enplegua suntsituz ezin da kalitatezko zerbitzurik eskaini —ordezpenik ez, plazak amortizatu...—
.- Ezin da plantilla motibatu, lan-eskubideak etengabe murrizten bazaizkie.
.- Aparteko ordainsaria kendu zaie, eta eroste-ahalmena izugarri galtzen ari dira.
.- Aldi baterako ezintasuneko bajetan %100erainoko estaldura kendu zaie; eta, hala ere, beste erakunde batzuetan, udaletan eta aldundietan alderdi politiko guztiek horren inguruko akordioak lortu dituzte.
.- Ordaindutako baimen-egunak kendu zaizkie, eta orain lanaldia luzatuko dietela diote (astean 35 ordutik 37½ ordura), nahiz eta ondorioz enplegu-galera izugarria eragin.
.- Plantillak ikusi du nola zuzendaritza-taldeek berek ez dituzten beren akordioak betetzen, horra hor, ez pribatizatzeko konpromisoa (Osakidetzaren eta mahai orokorraren akordioetan jasota), EPEaren postu-kopurua...
.- Plantillak ikusi du nor bere aldetik dabilela, sektore-mahairako deialdirik egin gabe (nahiz eta guk hala eskatu), edo itxurazko bilerak egiten direla. Hori horrela, gaur egun hamarka gai daude bazterrean eta, jakina, negoziatu gabe (aztertu gabeko gaien zerrenda aurkeztu genuen, eta zenbait gairi buruzko agiri zabalagoak).
Eta herritarrek gero eta protesta gehiago egiten dute Osakidetzaren aurka.
Zenbait puntutan izan ezik, gainerakoetan ez ziren gehiegi murgildu, oraindik heldu berriak direlakoan. Esan zigutenez gobernuak ez du oraindik erabakirik hartu hainbat punturen gainean: 35 orduko lanaldia, aukerako egunak, antzinatasun-egunak, eta aldi baterako ezintasuneko bajen osagarria. Horiek guztiak Mahai Orokorraren baitan aztertuko direla diote, baina Giza Baliabideen zuzendari izendatzekotan daudela, eta gero sektore-mahairako deialdia egingo dutela (gogora ekarri digute mahai horrek ia urtebete daramala bilerarik egin gabe).
Pozik daude zeren “heldu bezain laster ahalegindu ziren aparteko ordainsaria urtarrilean bertan kobratu genezan”, baina ez dute esaten ez zela abendukoa izan ordaindu zigutena, hurrengo uztailekoaren aurrerakina baizik. Enplegu suntsitzeari dagokionez, behin eta berriz esaten dute 25.816 postuko kupoak bere horretan jarraitzen duela, eta igo ere igo dela, aipatu gabe utziz enplegu-galera izugarria, berritzerik eza, ordezpenik eza, kontratu-amaierak... Pribatizazioen inguruan diote biltegietako prozesua haiek geldiarazi zutela.
Jakitera eman genien hainbat zentro eta ospitaletan elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten direla, zenbait kategoriatan gatazkak daudela, zerbitzu-langileenean ere barne... eta ohartarazi genien hau bolborategi bat dela, eta lehenbailehen negoziatzen hasi behar dela.
Osakidetzaren berariazko arazoen zerrenda bat eman genien, baita eskatu ere Sektore Mahaira deitzeko, arazo horiek atoan aztertzearren.
Dena dela, haiek berehala negoziatzen hastea nahi badugu, "xaxatu beharko ditugu" eta sektorea oldartu, baina ildo argiak urratuz eta irizpide zehatzak emanez, langileenak ez diren interesei begiratu gabe, hizkera bikoitza erabili gabe —batzuek esku-orrietan hitz gogorrak erabili, eta gero aurrean jartzen dieten edozein gauza sinatu—.