ELA-Osakidetzak eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Espainiar gobernua premiatzeko ebolaren aurkako borrokan engaiatzera

2014/09/10
Basurtuko Ospitalean ebolaren aurkako protokoloa abiarazi ondoren, ELA pozik agertzen da susmoa baino izan ez delako. Gainera, duela hilabete bat ez bezala, oraingo honetan jardute-protokoloa askoz hobeto gauzatu da. Dena dela, Osakidetzaren Zuzendaritzak ez digu uzten sindikatuoi gure eginbeharretako bat betetzen, plantillaren osasunaz begiratzea, alegia, eta hori salatu beharrekoa da.

Komunikabideetatik jakitera izan dugunez Osakidetzak berriro jarri du abian ebolaren aurkako protokoloa. Pozik agertzen gara denok oraingo honetan ere gaixotasun hori ez delako egiaztatu, eta gaixoa laster sendatuko dela espero dugu.

Halaber, ELAtik aitortu nahi dugu, orain dela hilabete bat sortu zen anabasaren aldean, azken gertaeran modu egokian abiarazi dela jardute-protokoloa, zer hobetu noski edonon badago ere, “0 arriskurik” ezinezkoa baita. Hala eta guztiz ere, sindikatuoi kasu horren berri ez digutela eman salatu behar dugu; hori dela-eta, ezin izan diogu jarraipenik egin protokoloa abiarazteari, ezta gaixoaz arduratu diren pertsonen osasuna begiratu ere. Ez da onargarria sindikatuek komunikabideetatik jakitea Osakidetzako profesionalak ebola bezalako birus baten aurrean egon direla; horrela, ezin izan dugu ziurtatu lan-osasunaren protokolo guztiak bete diren edo ez.

Edonola ere, birus hori Euskal Herrira heldu ote zen hasierako kezkak arindu badira ere, ELAren ustez birusaren sorreraren muinera jo behar dugu zuzenean, handik hedatzerik izan ez dezan. Joan den astean, Mugarik Gabeko Medikuen bitartez jakin genuen ebolaren izurriak jo dituen herrialdeetako egoera izugarriaren berri. Han, ebola benetako kontrolik gabe hedatzen da, eta bizirik geratzen diren osasun-langileek, kutsatzearen beldurrez, ihes egiten dute. Hango osasun-egitura ahula suntsitzen ari da, ez dago laborategi nahikorik behar diren probak egiteko, eta izurriaren benetako nondik norakoa ezagutzeko, ospitaleetan ez dago isolamendu-aretorik, gaixoek beren gaixotasuna ezkutatzen dute bertan behera lagata geratzearen beldurrez... Ondoriozko egoera ikaragarria da, gaixotasuna tratatzeko modukoa izan arren hango biztanleak hiltzen ari dira.

ELAk bere elkartasuna agertzen die izurri hori pairatzen duten herrialdeei; batez ere, Osakidetzako sindikatua den aldetik. Gure elkartasuna eta miresmena erakusten dizkiegu hain egoera larrian gaixotasun horri aurre egiten dioten osasun-profesionalei.

Egoeraren larritasunak munduko erantzun koordinatua eskatzen du, baina orain arte izurriari aurre egiteko ahalmena duten herrialdeak ez dira prest egon benetan parte hartzera. Herrialde aberatsok erantzukizuna dugu, izurriari hegoaldeko Afrika suntsitzen ez uztearena, eta gaixotasuna munduan zehar hedatzen ez uztearena. Ikuspuntu egoista huts batetik ere hobe da Afrikan geldiaraztea gaixotasun ikaragarri hori, gureganaino heldu baino lehen; elkartasuna eta justizia ez badira argudio nahikorik, bizi-senak behintzat eraman beharko gintuzke ebolaren aurkako borrokan bete-betean sartzera.

Jakin badakigu herrialde bakar batek bere kabuz ezer gutxi egin dezakeela borroka horretan; horregatik, ELAren iritziz, engaiamendua zabaltzen saiatu behar gara, guk gure aldetik Eusko Jaurlaritza premiatzen dugu, Espainiako Gobernura jotzera, eta hark Nazio Batuetan fronte amankomun bat antolatzera. Jarraibideak proposatze aldera, kanpaina mediatiko bati ekiteko eskatzen dugu, Espainiako Gobernuaren geldotasuna astintzeko asmoz.

ELAk Eusko Jaurlaritzari proposatzen dio laborategi bat eta isolamendu-zentro bat ezartzea, Munduko Osasunaren Erakundeak gomendaturiko leku batean; horrela eredutzat agertuko da Espainiako Gobernuaren aurrean. ELAk, bere aldetik, pertsonal boluntario lortzen lagunduko du, instalazio horietan lan egiteko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bilera-deia egin dezan, eta Osasunaren Nazio Sistemaren Lurralde-arteko Kontseiluak bere iritzia eman dezan.

Azkenik, aurreko beste batzuetan gertatu den ez bezala, ez dugu nahi gure presioaren ondorioz farmazia-industria aberastea.

Denon ardura da izurri horri aurre egitea, giza oinazearen aurrean ezin gara sorgor geratu, nork bere koskorra jarri behar du, ebola geldiarazi nahi badugu.