ELA-Osakidetzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio osasun arloko profesional guztiei eta sintomak dituzten herritar guztieiegin diezaiela koronabirusaren testa

Une honetan, sintomak dituzten Osakidetzako profesional guztiei egin zaie proba. Biztanleria osoaren kasuan, ordea, proba ospitaleratutako pertsonei edo ospitaleratze batekin bateragarria den koadro bat dutenei bakarrik egiten zaie. Gainerako kasuetan, arinagoak, ez da froga egiten.
Horren ondorioz, ofizialki detektatu direnak baino askoz pertsona gehiago daude kutsatuta, eta egoera horrek gaixotasuna zabaltzen eta osasun-zerbitzua saturatzen laguntzen du:
- Osasun-arloko profesionalei, oso eraginpean egonik, sintomak dituztenean egiten zaie proba. Bitartean, jakin gabe kutsatuta egon daitezke eta hori dela eta, pazienteak, lankideak edo lan-ingurunetik kanpo harremana duten pertsonak kutsatutzeko arriskua dago.
- Herritarren kasuan, arnas infekzio akutu baten ondorioz ospitaleratuta dauden edo ospitaleratzeko irizpideak betetzen dituzten pertsonei bakarrik egiten zaie testa. Horrek esan nahi du sintomak dituzten baina ospitaleratzeko moduko larritasunik ez duten pertsona guztiei ez zaiela testa egiten; beraz, ez dakigu kutsatuta dauden ala ez.
Ezinbestekoa da kutsatzeari aurrea hartzea eta kutsadurak egun duen dimentsioa ezagutzea, herritarrak eta Osakidetzako langileak babesteko. Baita une honetan hain beharrezkoa den osasun-asistentzia bermatu ahal izateko ere.
Osakidetza kolapsatzea eta profesional kopuru handi bat gaixo edo berrogeialdian egotea saihestu behar dugu. Egoera horren ondorioak oso kaltegarriak izango liratezke.
Horregatik, berriro ere Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari profesionalen artean baheketa bat egiteko eskatzen diegu, lanean ari direnak osasuntsu daudela bermatzeko. Era berean, gaixotasunaren sintomak dituzten herritar guztiei testa egiteko eskatzen dugu, horien larritasuna edozein dela ere.
Autotik testa egitea bezalako neurriak positiboak iruditzen zaizkigu, baina ez dira eraginkorrak pertsona gehiagori egiten ez bazaizkio. Gogora dezagun hori dela, hain zuzen ere, OMEren gomendioa eta kutsatzea jaistea lortu duten herrialdeetan erabilitako metodologia.