ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek martxoaren 9an Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilera deialdiari eutsi diote

2022/03/08
Bi greba egunen ostean, sindikatuek ezin dute onartu Mahai Sektorialean arte hartzea, mahai horrek behin eta berriz salatu dituzten formei eta edukiei eusten dielako, eta hori izan zelako, hain zuzen ere, foro hori uztera eraman dituena.

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek martxoaren 9an Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilera deialdiari eutsi diote. Zentzu honetan, sindikatu hauek ohar bateratua argitaratu dute.

ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzarekin hitz egiteko daukagun borondatea berretsi nahi dugu, baina benetako negoziazio serio eta zintzo batera eramango gaituen elkarrizketa eskatzen dugu, langileentzako konponbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Urteak daramatzagu Osasuneko Mahai Sektorialean pairatzen ari garen egoera salatzen, eta egoera horrek okerrera egin du azken hilabeteetan: eduki, negoziazio eta gardentasun erabateko falta, alde bakarreko inposaketak eta bertan lortutako akordioak ez betetzea. Edukirik gabeko bilerak, propaganda-kutsu argia dutenak. Gainera, Osakidetzaren inposaketak gero eta gehiago dira.

Egoera desblokeatzeko eta edukien negoziazioan, zein hori gidatu behar duten joko-arauetan aurrera egiteko, pasa den ostiralean, Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari, bihar, goizeko 11etan. Sailburuak atzo publikoki jakinarazi zuen ez zirela bilera horretara joango, eta gehitu zuen, gainera, Mahai Sektoriala baliagarria izan dela gaur arte, eta berriro azpimarratu zuen sindikatuok bilera bakoitzeko gai-zerrendako bi puntu ezartzen ditugula. Baina adierazpen horiek ez datoz bat Mahai Sektorialean egunerokoan gertatzen denarekin.

Paraleloki, Mahai Sektoriala biltzeko deialdia egin zuen Osakidetzak, egun eta ordu berdinerako. Hala ere, adierazi behar dugu, bi greba-egunen ondoren, ezin dugula berriro onartu Mahai Sektorialean parte hartzea, Mahai horrek behin eta berriz salatu ditugun formei eta edukiei eusten dielako, eta hori izan zelako, hain zuzen ere, foro hori uztera eraman gintuena:

Bilera telematikoa da berriz ere: Osakidetzak ez du aurpegia eman nahi eta pantaila baten atzean ezkutatzen da berriro ere. Onartezina da, lan zentroetan bizi den egoeraren larritasuna ikusita, deitutako mobilizazioen jarraipena masiboa izanik, osasun-larrialdia bertan behera geratu den momentu honetan, eta Administrazioaren beste negoziazio-mahaiak aurrez-aurrekoak direnean (Mahai Orokorra, Hezkuntzako Mahaia, Administrazio Orokorreko Mahaia, etab.), Osakidetzak, sindikatuekiko erabateko gutxiespena erakutsiz, 2020ko martxotik aurrera egin izan duen bezala, bilera telematikoa planteatzea.

Gai-zerrendak ez ditu gure aldarrikapenak barneratzen: Sailburuak egindako adierazpenak gorabehera, eta azken bi asteotan berariaz eskatu badugu ere hainbat alditan, gure aldarrikapenak ez daude jasota iragarritako gai zerrendan. Azpimarratu nahi dugu aldarrikapen horiek premiazkoak eta ezinbestekoak direla Osakidetzak bizi duen egoera iraultzeko.

Ez digute aldez aurreko dokumentaziorik bidali: bileratik 24 ordu eskasera, berriz ere, puntu bakarreko dokumentazioa aurreratu digute, eta beste hiruretatik ez dago inolako dokumentaziorik. Horietako bati buruz, gainera, adierazten da dokumentazioa bilera eta gero entregatuko zaigula.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, ondorioztatzen dugu Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilera, inoiz baino beharrezkoagoa dela: Mahai Sektorialaren aurreko bilera bat, non, aurrez aurre, foro hori negoziazio-eremu gisa berreskuratzeko bideak bilatuko ditugun, baita langileen aldarrikapen eta behar nagusiei premiaz heltzeko tresna gisa ere. Kutsatutako girotik kanpoko elkarrizketa bat, non ados jarriko garen, Mahai Sektoriala bi aldeentzat baliagarria eta konfiantzazkoa izan dadin.

Negoziatzeko deia egiten dugu, baina Osakidetzari ohartarazi nahi diogu ez dugula xantaiarik, ez propaganda ekitaldirik onartuko. Negoziazioa benetakoa izan behar da, mamia duena; irtenbide eta hobekuntza konkretuak behar ditugu. Bide horretan aurrera egin ezean mobilizazioei eutsiko diegu.