ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGTk elkarretaratzeak deitu dituzte Osakidetzan, Osasun Sailaren immobilismoa salatzeko eta benetako negoziazioa eskatzeko

2022/03/18
Bi aste baino gehiago igaro dira langileen gehiengo zabal batek osasun publikoan deitutako bigarren greba-egunarekin bat egin zuenetik, eta Osakidetzak oraindik ez du aurpegia eman eta ez du pauso bakar bat ere eman lantokietan bizi diren arazo larriak konpontzeko; izan ere, langileek eta herritarrek horien ondorioak jasaten dituzte. Osakidetza ez zen agertu martxoaren 9an sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluan deitutako bilerara, eta horrez geroztik negoziatzeko borondate eza erakusten jarraitzen du.

Gogora dezagun azken mobilizazioen jarraipena historikoa eta oso jendetsua izan zela, eta, zalantzarik gabe, bizi dugun egoeraren larritasunaren eta berehalako konponbide sakonak abiaraztearen premiazkotasunaren islarik onena dira.

Gaur argi eta garbi ikusten da Sagardui Sailburuak greba aurreko egunean egindako adierazpenak propaganda hutsa zirela eta, jakina, greba bertan behera geratzea zutela helburu. Gogora dezagun egun horretan, abenduaren 31an bete behar zuen (oraindik bete ez duena) akordio bat erabili zuela propaganda egiteko, Garapen Profesionalerako deialdi berri batera 300 milioi euro baino gehiago bideratuko zirela adierazi zuenean. Iragarpen horri gehitu zion errekuperaziorako eta elkarrizketarako unea zela. Hitz haietatik ia hilabete igaro ondoren, oraindik ez da ez gauza bat ez bestea bete, iragarritako deialdia ez baita egin, eta ez baitago inolako elkarrizketarik, ezta errekuperaziorik ere.

Bistan da mobilizazioa dela Osakidetza mugiaraztea lortzen duen tresna bakarra; izan ere, mobilizazioen intentsitateak behera egiten duen heinean, bere erantzun bakarra da immobilismorik absolutuena. Osakidetzak, azken asteotan gure osasungintza publikoaren arazo larriak konpontzeko egin duen gauza bakarra izan da LEP eskax (1.611 plaza) baten azterketen data iragartzea. Bere hitzetan, EPE horren helburua da langileak egonkortzea baina duela urtebete 24.600 aldi baterako langile baino gehiago zeuden Osakidetzan (10etik ia 6) eta beraz, deialdi txiki hori ez da konponbidea. Argi dago, propaganda hutsetik harago, ez dagoela aurrera egiteko eta plantillaren lan-baldintzak hobetzeko inolako borondaterik. Eta lan-baldintza duinik gabe, ez dago kalitatezko osasun-arretarik.

Behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala bide antzua bihurtu dela, eta Osakidetzak propaganda tresna gisa erabiltzen duela: informazioa trukatzeko foro bat da, inolako negoziaziorik gabe. Informazio hori akordioaren emaitza balitz bezala egiten da publiko, alde bakarreko erabakiak direnean, eta askotan prentsari mahaiko kideei baino lehenago jakinarazten zaizkie. Horregatik, pasa den martxoaren 9an, Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin genion Osakidetzari, “zero mahaiko” bilera bat egiteko asmoz. Mahai horretan, gutxienez, negoziazio-metodologia bat adostu nahi genuen, hartu beharreko premiazko konponbideei modu egokian aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera horretara joan. Bitartean, langileek eta herritarrek egoera jasanezin baten ondorioak pairatzen jarraitzen dute.

Testuinguru horretan, ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzeak deitu ditugu gaur Txagorritxu Ospitalean, Donostia Ospitalean, Galdakao Ospitalean, Lakuabizkarra Osasun Zentroan, Elgoibarko Osasun Zentroan eta Deustuko Anbulatorioan. Eta hori guztia Osasun Sailaren immobilismoa salatzeko eta benetako edukiak izango dituen negoziazioa eskatzeko.

Berriro ere, negoziaziorako deia egiten diogu Osakidetzari konponbideak bilatzeko eta egoera bideratzeko. Baina ohartarazi nahi diogu berriro ere ez dugula ez xantaiarik ez propaganda-ekintzarik onartuko. Benetako negoziazioa eskatzen dugu, irtenbide eta hobekuntza zehatzetan islatuko dena. Ildo horretan urratsik ematen ez bada, ez dugu berriro Mahai Sektorialean parte hartuko eta mobilizazioekin jarraituko dugu.