HAUTESKUNDE SINDIKALAK OSAKIDETZAN

ELAk 1.600 hautagai baino gehiago aurkeztu ditu behin-behinekotasunaren aurkako plan batekin eta lan baldintzen akordio berri bat eskatzeko

2024/10/22
ELA da hauteskunde esparru guztietan aurkezten den sindikatu bakarra hamar urtez hauteskunderik gabe egon ondoren, Osasun Sailaren itxikeriagatik.

Azaroaren 28an hauteskunde sindikalak egingo dira Osakidetzan. 10 urte baino gehiago igaro dira azken aldiz egin zirenetik (azkenak Gipuzkoan egin ziren 2014an). Hauteskunde hauetan, Osakidetzako langileek 361 ordezkari aukeratuko dituzte, gaur egun daudenak baino 45 gehiago. ELA da hauteskunde esparru guztietan hautagaitza aurkeztu duen sindikatu bakarra. Zehazki, 1.600 hautagairen sinadurak aurkeztu ditu guztira.

Hauteskunde sindikalen atzerapena Mahai Sektorialaren blokeoaren beste adibide bat da. Azken hauteskunde sindikalak egin zirenetik, Osakidetza ESIetan antolatu egin da. Horren ondorioz, une hartan indarrean zeuden hauteskunde eremuak ez dira baliogarriak hauteskundeak deitzeko. Justiziak jada adierazi zuen hauteskunde eremu horiek zaharkituta geratu zirela, eta, horregatik, ezin zela horietan oinarrituta hauteskunde aurreabisurik aurkeztu. Horrek eskatzen zuen esparru berri batzuk negoziatzea. Bada, azken urteotan, Osasun Sailak erabateko ezezkoa eman dio negoziazio hori irekitzeari. Hori dela eta, Osakidetza anomalia demokratiko batean dago, eta horrek 4 urtean behin hauteskundeak egitea eragotzi du, beste edozein enpresa edo sektoretan egiten den bezala. Horretan ere salbuespena da Osakidetza.

ELA klase sindikatu bat da, eta hauteskunde sindikal hauetan bere abiapuntua da kategoria guztiak beharrezkoak direla Osakidetzak bere zerbitzua eman ahal izateko. Baita osasungintza publikoa hobetzeko ezinbestekoa dela kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea. ELA interes korporatiboetatik urrun dagoen sindikatua da. Kolektiboen arteko talkan eta negoziazio kolektiboaren zatiketan sakontzen dute sindikatu korporatiboek. Faktore horiek kalte handia egin diete azken urteotan langileei. Errealitate bakar bati bizkarra ematen dioten planteamenduak dira: ezinezkoa da kategoria batek lan baldintza onak izatea kolektiboaren baldintzak hobetzen ez badira. Era berean, ezinezkoa da zerbitzua modu egokian funtzionatzea.

ELA kontraboteren sindikatu bat da, 102.000 afiliaturekin, independentzia politiko eta ekonomikoarekin, eta aurpegia emango du Osakidetzaren aurrean bere azken helburua lortzeko: Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzea eta kalitatezko osasungintza publiko unibertsala bermatzea. Gaur egun, ELA Osakidetzako bigarren sindikatua da (74 ordezkariekin), SATSEren atzetik (78 ordezkariekin); eta hauteskunde hautetan bere emaitzak hobetzeko lan egingo du, Osakidetzak hainbeste behar dituen eraldaketak baliabide gehiagorekin eta zilegitasun handiagoarekin bultzatu ahal izateko.

ELAk legegintzaldi honetarako proposamenak eta aldarrikapenak jasotzen dituen dokumentu bat aurkeztu zien Lehendakariari eta Osasuneko sailburuari berari, besteak beste, Osakidetza eraldatzeko neurriekin.

Hauek dira ELAk datozen urteetan Mahai Sektorialean planteatuko dituen aldarrikapen nagusiak:

  • Aurrekontua: nahiz eta batzuek kontrakoa esan, Osakidetzaren egoera hobetzeko, ezinbestekoa da osasungintzara bideratutako aurrekontua handitzea, Europako batez bestekora iritsi arte (BPGren %8). EAEn, 2024an, gastua BPGren %5,13koa da, Espainiako batez bestekoaren azpitik.
    Behin-behinekotasuna: arazo garrantzitsuenetarikoa da, eta profil profesional batzuen eskasiaren atzean dago. Plantillaren erdiari eragiten dio (24.000 langile). Eta arazoak okerrera egingo du, urtean 1.000 erretiro inguru baitaude. Aparteko EPEak egin behar dira, aldi baterako kontratuekin lanean urte luzeak daramatzaten milaka langileak finkatzeko. 108 fakultatibo plaza meritu-lehiaketa bidez betetzeko iragarritako EPEa ikusita, argi geratzen da borondatea izanez gero, ezohiko prozesu horiek posible direla.

  • Lan-baldintzen akordioa: indarrean dagoen akordioa 2009. urtetik iraungita dago. 15 urteren ondoren, premiazkoa da lan baldintzen akordio berri bat negoziatzea.

  • Garapen profesionalaren eredua aldatzea: Osakidetzako kategoria guztien artean ekitatiboa izango den eredu berri bat negoziatu behar da, genero-ikuspegia kontuan hartuko duena, Osakidetzak emandako prestakuntza baloratuko duena, euskaraz lan egiteko gaitasuna baloratuko duena eta balorazio subjektiboak ezabatuko dituena.

  • 15 urterako plana, belaunaldi erreleboari aurre egiteko. Hain zuzen ere, aurreikuspenik ezak eta lan-baldintza eskasek lanbide-profil batzuen eskasia ekarri digute.

  • 1992tik hona izan den eta areagotzen ari den egiturazko autokontzertazioa (aparteko orduak) amaitzeko plana egin behar da. Honetarako plantillak handitu behar dira, dagoen arreta-eskariari ohiko baliabideekin aurre egin ahal izateko Atokontzertazioa, konponbidea izan beharrean, arazoaren parte izan da.

  • Pribatizazioekin amaitzea eta pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea, hala nola anbulantziena. 2023an, Osasun Sailak 269 milioi euro gastatu zituen zerbitzu pribatizatu eta azpikontratatuetan, aurreko urtean baino %9 gehiago. Orain, Osakidetzako biltegiak pribatizatu nahi ditu, eta, horretarako, 129 milioi euro jarriko ditu enpresa pribatuen esku.

  • Osakidetza euskalduntzeko plan integrala abian jartzea. Sindikatu eta kolektibo batzuen demagogiatik haratago, plantillaren kontsolidazioa eta euskalduntzea ez dira prozesu kontrajarriak, guztiz bateragarriak diren gaiak baizik. ELAk langile guztiak egonkortzea eta administrazio publikoak euskalduntzea ahalbidetzen duen proposamena aurkeztu zion Hizkuntza Politikako Sailari.

  • Aipatutako aldarrikapenez gain, Lehen Arretak, Osasun Mentala eta Emergentziak aipamen berezia behar dute. Arreta-maila horiek azken urteotan desegitea eta prekarizazioa jasan dute, eta egoera bereziki larrian daude. Horregatik, ELAk plan zehatz bat abian jartzea proposatzen du eremu horietako arazo larriei aurre egiteko.