USANSOLOKO OSPITALEA

ELAk 20 langileren kaleratzea geldiarazi eta beste hainbeste lanpostu formalki sortzea lortu du

2025/04/15
Apirilaren 9an sindikatuak greba deitu zuen ospitaleko 9B solairuko 20 langileren kontratua amaitzearen aurka. Ospitaleko Zuzendaritzak 20 langile horien egiturazko plazak sortuko ditu, eta egonkortasuna bermatuko die lanpostu horiek behin-betiko bete arte.

Galdakao-Usansolo Zuzendaritzak ELAri bidalitako komunikazio batean baieztatu dio Osakidetzak ez dituela etengo 9B solairuko 20 langileen kontratuak, aurreikusitakoaren aurka. Gainera, ELAk eskatu bezala, 20 lanpostuak formalki sortuko dira; eta araudiak eskatzen duen bezala, lanpostu horietan plantilla horrek egonkortasuna izango duela bermatuko da, lanpostu horiek behin-betiko bete arte. Hori dela eta, ELAk, langileekin egindako asanbladaren ondoren, greba bertan behera uztea erabaki du.

Apirilaren 1ean Osakidetzak Usansoloko Ospitaleko 9B solairuan zerbitzua ematen duten langileei jakinarazi zien kontratu guztiak etengo zituela. Erabaki horren aurrean, ELAk, langileekin batera, greba deitu zuen apirilaren 22tik 30era. Gainera, kontratuak lege-iruzurrean zeudela salatu zuen; izan ere, lehen izendapenak 2020an egin ziren, Covid aitzakipean, eta gaur arte luzatu dira.

Erabaki horrekin, zerbitzua orain arte eman duten pertsona berberekin emango dela bermatzeaz gain, ELAk positibotzat jo du Osakidetzako 20 langileri egonkortasuna ematea lortu da eta egiturazko 20 lanpostu sortzea lortu da. Lanpostu horiek amortizatzeko arrisku larrian zeuden.

Beste behin ere, langileen determinazioari esker, eta ELAren erabilgarritasunari eta mobilizazio-estrategiari esker, funtsezko hobekuntzak lortzen dira Osakidetzako langileen lan- eta bizi-baldintzetan.