ELAk “KANOSOEI” buruzko epai bat irabazi du

2014/03/27
Bilboko Kontentzioso-Administratiboko 6. Epaitegiak, Ertzaintzari buruzko epai batean, Eusko Jaurlaritzako langileek antzinakotasunaren araberako egunei buruzko epai bat eman du, honen arabera 2012ko uztailak 15 aurretik kontsolidatutako norberaren aukerako egunak disfrutatzeko eskubidea adierazi du, nahiz eta ez den egun berririk sortuko ondoren

ELAk irizpide hau Eusko Jaurlaritzako langile guztiei zabaltzeko eskabidea erregistratu du Funtzio Publikoan. Eusko Jaurlaritzak bere “oinarrizko” izaeraren aitzakiapean murrizketa ezberdinak aplikatu ditu, guk gure eskubide guztiak bueltatzea exijitzen jarraitzen dugu, baina, kasu honetan, Bilboko Epaitegiaren epaiak Eusko Jaurlaritzari legearen aitzakia ere kendu dio.

Epai hau ziurrenik Bizkaian bizi diren Eusko Jaurlaritzako funtzionario guztiei aplikatuko zaie, egin daitezkeen erreklamazio guztiak adierazitako epaitegi horretara joango baitira. Horregatik, langile hauek egun hauek eskatzera animatzen ditugu, erabili beharreko ereduetan egun hauek antzinakotasunaren arabera espreski eskatzen direla adieraziz.

Beste kolektiboen kasuan, zuhurragoak izatea komeni da Bilboko irizpidea beste epaitegietan ere kontsolidatzen dela ikusi arte. Horregatik, ELAk demandak ezarriko ditu beste epaitegi batzuek interpretazio juridiko bera egiten duten ikusteko, modu honetan kosten arriskutik babestuko ditugu langileak.

Jardunaldiaren igoera Eusko Jaurlaritzak enplegua suntsitzeko erabili duen bidea izan da, bere ardura da egoerari buelta ematea, lanpostuak sortzea eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea. Horregatik, ezinbestekoa da gehiengo sindikalarekin adostutako jardunaldira bueltatzea. “Kanosoen” kasuan bidea erraza da, baina, beti bezala, orain borondate politikoa frogatzeko momentua da.

Euskal Herrian, 2014ko martxoaren 26an