Osakidetzako Mahai Sektoriala

ELAk 25 neurri zehatz proposatu ditu osasungintzaren arazo nagusiak konpontzeko

2024/09/10
ELAk salatu du Osakidetzako mahai sektorialaren bileran ez zaiela heldu osasun publikoaren arazo eta beharrei. Sindikatuak deitoratu du, hitz onez haratago, planteatutako proposamen bakarra langile fakultatiboen aparteko orduen ordainsariak hobetzea izan dela, zehazki, ospitaleetan larunbat eta jaiegunetan bisita medikoak egiten dituzten langileen ordainsariak hobetzea. Proposamenak sindikatu medikoaren oniritzia baino ez du jaso. "Izan ere, asteburuetako eta jaiegunetako arreta ezin da medikuen borondatearen araberakoa izan, gainkarga baita, eta horrek zerbitzua bera okertzen du”, kexu da. Hortaz, dio ELAk, Osakidetzaren Mahaiak jarraitzen du, momentuz, betiko neurriak proposatzen, osasungintzaren egoera iraultzeko auziei heldu gabe.

Bileran, Osakidetzako zuzendaritzak ere adierazi du Emergentzietako egoera hobetu nahi duela. OSI horretako egoera bereziki larria da. ELAk behin eta berriz salatu du ezinbestekoa dela kategoria guztietako lan baldintzak hobetzea eta langile gehiago kontratatzea. Ildo horretan, ELAk planteatu du zentro koordinatzaileetan eta osasun aholkularitzako langileen prekaritatea ikustarazi eta konpontzea, anbulantzietakoekin batera. Bide beretik, irmo defendatu du ezinbestekoa dela anbulantzietako zerbitzu pribatizatua publifikatzea.

Era berean, ELAk Osakidetzari 25 neurri zehatz jasotzen dituen dokumentua eman dio bileran, osasungintza publikoak dauzkan arazo nagusiak konpontzeko. Azpimarratu behar da ELAk Osasun Sailburuari berriari helarazi ziola dokumentu hori eta Lehendakariari ere 80 neurri jasotzen zituen dokumentua ere aurkeztu ziola, tartean Osakidetzarako neurriekin. Honako hauek dira proposamen nagusiak:

  • 24 ordutan arreta jasotzea lehen arretan. Aurrekontuaren % 25 lehen arretara bideratzea.

  • Itxaron zerrendak murriztea.

  • Buru osasuneko plantilla handitzea eta zerbitzu horren pribatizazioak/deribazioak lehengoratzea.

  • Plantilla egonkortzea, aparteko kontsolidazio prozesuen bidez.

  • Belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko plan bat ezartzea.

  • Autokontzertazioa (aparteko orduak) ezabatzeko plan bat ezartzea. Horretarako, plantillak indartu behar dira, arreta baliabide arruntekin eman ahal izateko.

  • Osakidetzako langileen lan baldintzak negoziatzea eta hobetzea, kategorien arteko ekitateari eutsiz. Funtsezkoa da kategoria eta profesional guztien garrantzia azpimarratzea.

  • Langile sanitarioaren prestakuntza espezializatuko eskumena eskatzea, Osakidetzaren beharretara egokitutako programa bat ezartzeko.

  • Osasun pribatuak egiten duen Osakidetzaren aprobetxamendua murriztea.

  • Osakidetzako barne tresna guztiak euskaraz ere erabil daitezkeela bermatzea. Osakidetza euskalduntzeko plan integrala abian jartzea.

  • Garapen profesionalerako eredu berri bat abian jartzea.

  • Anbulantzia zerbitzua publiko egitea.