OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA
ELAk aldi baterako kontratazio zerrenden kudeaketan dagoen kaosa salatu du

Osakidetzako Mahai Sektorialak gaur egindako bileran, aldi baterako kontratazio-zerrenden kudeaketa “negargarri” eta “kaotikoa” salatu du ELAk. Azken hilabeteotan, ELAk hainbat mobilizazio bultzatu ditu hautaketa eta hornikuntza prozesu guztien kudeaketa eskasa salatzeko, baina batez ere kezkagarria da aldi baterako kontratazio zerrenden kudeaketa.
Osakidetzan duela bederatzi hilabete iragarri zuen aldi baterako kontratazio zerrendak integratu eta eguneratuko zituela, baina oraindik ez du esandakoa bete. Gainera, zerrenda eguneratuak argitaratzen ari da akats ugarirekin, eta hasierako zerrenda horien akatsak zuzentzeko zerrenda berriak argitaratzen ari dira, bata bestearen atzean. Horrek eragin bikoitza du langileengan, ELAk dioenez: alde batetik, zalantza eta babesgabetasun handia sortzen die; izan ere, akatsen zuzenketak argitaratzen diren bitartean, dagozkion errekurtsoak jartzeko epeek aurrera jarraitzen dute, eta langileek ez dakite zeri heldu. ELAk gogorarazi du zerrenda horiek erabiltzen dituela zuzenean Osakidetzak aldi baterako kontratazioak egiteko. Bestela esanda, aipatutako zerrendetako akatsen ondorioz, hautagaiek dagozkien kontratuak gal ditzakete.
Halaber, ELAk azaldu du Osakidetzaren zerbitzu informatikoa enpresa baten esku dagoela, azpikontratatutako zerbitzua baita. Egoera honek erakusten du zerbitzu publikoen pribatizazioek dituzten ondorio larriak, dio sindikatuak.
Gaurko Mahai Sektorialean, horrez gain, Osakidetzak bi akordio planteatu ditu, Mahai Sektorialaren babesa jaso dutenak. ELAk ez ditu sinatu ez dietelako sektorearen beharrei erantzuten:
Alde batetik, lan arriskuen prebentzioaren arloko akordio bat proposatu du Osakidetzak. ELAk jada salatu zuen Osakidetzaren proposamena murriztailea zela egungo egoerarekin alderatuta. Zehazki, azken urteetan plantillaren tamaina handitu den testuinguru batean, orain arte baino prebentzio-ordezkari gutxiago egotea. Kolektiboaren absentismoari buruzko datuen erabilera maltzurra egiten duen bitartean, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko baliabideak murrizten ditu. Planteamendu horrek Mahai Sektorialeko sindikatu guztien babesa jaso du, ELArena izan ezik.
Bestalde, Osakidetzak telelanari buruzko akordioa ere proposatu du. Proposamenak LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuen bermea jaso du, eta horrek esan nahi du gutxiengoan sinatutako akordio bat izan dela. Ikuspegi demokratiko batetik horrek dakarrenaz gain, ELAk salatu du adostutakoa diskriminatzialea dela. Proposamena oso kolektibo txiki batentzat egiten da (Erakunde Zentraleko langileak), eta ez dago inolako planteamendurik ESIei atxikitako langileei aplikatzeko, ezta arreta-lanik egiten ez duten pertsonei aplikatzeko ere; Administrazioak onartzeko, berrikusteko eta baztertzeko aukera diskrezional gisa arautzen da, eta ez plantillaren eskubide gisa; proposamena diskriminatzailea da, antzinatasun-baldintza bat ezartzen baitu langilearentzat; Osakidetzak ere ez du bere gain hartzen lan-modalitate horrek langileei dakarzkien kostuen ordainketa; era berean, telelana duten langileek norberaren aukera askeko egunak hartzea mugatzen du.