ELAk auzibidetik erreklamatuko ditu Itzarrirentzako ekarpenak
2013ko azaroan EAJ-PNVko taldeak Madrilgo Parlamentuan zuzenketa transakzional bat itundu zuen PPrekin, eta zuzenketa hori Estatuaren 2014ko aurrekontuetan txertatu zen. Zuzenketa horren eraginez erretiroaren gertakizunaren estaldura zuten pentsio-planei ekarpenak egiteko debekua kendu zen (debeku hori Estatuak ezarri zuen lehenago 20/2011 Errege Lege-dekretuaren bidez).
2014ko urtarrilaren 1az geroztik, beraz, Estatuko legerian ez dago debekaturik aipaturiko ekarpenak egitea. Egia esan, euskal udal eta aldundi guztiak hasita daude berriro pentsio-planari ekarpenak egiten (Elkarkidetza), langileekin izenpeturiko akordio eta hitzarmenak betez.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritza, ekarpenak berriro egiteko zuzenketa transakzionala Madrilen “negoziatu” zuen alderdi bera buru izan arren, bi urte geroago ez da hasi oraindik pentsio-planari (Itzarri) ekarpenak egiten, horretan ere langileekin izenpeturik dituen akordioak bete gabe utziz.
2014ko urtarrilaren 1etik ez dago lege-aitzakiarik Eusko Jaurlaritzak puntu hori bete ez dezan; hori dela-eta, ELAk auzitara joko du aipaturiko datatik Itzarrirentzako ekarpenak erreklamatzeko.
Horrez gain, gobernuaren jokabide horrek erakusten du begirunea galdu diela bere langileei eta sinaturiko akordioei. Onartezina da gobernuan dagoen alderdi bera harro agertzea, ekarpenak egiten uzten duen zuzenketa bat sartu izanagatik, eta gero urtetan ekarpenik egin gabe jarraitzea.
Horregatik, ELAk Eusko Jaurlaritzako langileak bultzatzen ditu haiei dagozkien eskubideen alde agertzera. Mobilizazioen bidez bakarrik irabazi ahal izango dugu hemengo gobernuaren begirunea, eta baldintzatu haren oraingo eta geroko erabakiak.