OSAKIDETZA DEIALDIA

ELAk babestu ditu larunbatean osasun publikoaren alde deitutako mobilizazioak

2025/01/31
Sindikatuaren arabera, Osakidetzak dituen arazoak ezin dira konpondu osasun-inbertsioa handitu gabe eta, gutxienez, inbertsio hori Europako batez bestekoarekin parekatzeko apustu argia egon beharko litzateke.

Larunbat honetan mobilizazioak egingo dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan osasun publikoaren alde, eta ELAk mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

ELAk adierazi duenez, Osakidetzako behin-behinekotasuna euskal administrazio publiko osoko altuenetakoa da.  Izan ere, Osasun Sailaren propagandaz haratago, gaur egun, Osakidetzako langileen %50 inguru aldi baterakoak dira eta ez dute plaza finkorik. Horretaz gain, Osakidetzako hainbat zerbitzu kanpora ateratzeko eta pribatizatzeko, mutuak sustatzeko, langileen erosteko ahalmena galtzeko eta abarretarako pausuak eman dira aspaldidanik.

Horregatik, ELAk Eusko Jaurlaritzak sortutako osasun mahaian parte hartzeari uko egiten dio, arrazoi hauengatik:

1. Alde batera utzi da Osakidetzara bideratu beharreko aurrekontuaren eztabaida, ELArentzat gai erabakigarria denean. Ezin da Osakidetza hobetu inbertsioa handitu gabe.

2. Diagnostikoari buruzko akordioa arazoaren parte da. Adostutako diagnostikoa ikusita, ELAk argi dauka Osakidetzak dituen arazoak ez direla konponduko.

3. Diagnostiko hori PPren, Confebasken edo unibertsitate pribatu batzuen laguntzarekin egin da. Inola ere ez gatoz bat eragile horiek osasun publikoaren sistemari buruz duten ikuspegiarekin.

4. ELAk argi dauka mahai horren helburua zerbait konponduko delaren fikzioa elikatzea eta mobilizazioak neutralizatzea dela.

5. Osakidetzaren mahai sektoriala izango litzateke edukiz hornitu beharko litzatekeen mahaia. Bertan baitaude sindikatuak, hau da, hauteskunde sindikaletan plantillak legitimatutakoak. Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartzen mahai hori.

ELAk azpimarratu du Osakidetzako langileek baldintza onak ez badituzte nekez eskaini ahal izango dela zerbitzu publiko egokia. Lan-baldintzen prekarizazioak argi eta garbi eragiten du eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du osasun sistema publiko, indartsu, unibertsal eta kalitatezkoaren alde mobilizatzen eta borrokatzen jarraitu behar duela.