OSAKIDETZA

ELAk Basurtuko Ospitaleko mantentze zerbitzuaren pribatizazioa salatu du

2024/09/16
ELAk ziurtatu du Osakidetzak ez dituela lehen egunetik ordezkatzen Basurtuko Ospitaleko mantentze lanetako langileen bajak, eta lanak enpresa pribatu batera zuzentzen dituela, zehazki, Giroa-Veoliara. Egoera hori agerian geratu da udan. Izan ere, abuztuaren 26an eta 29an mekanikari baten, elektrikari baten eta iturgin baten baja gertatu ziren. Hala ere, ez zituzten ordezkatu irailaren 10era arte, eta, bitartean, aipatutako enpresa pribatura bideratu zen lan guztia.

ELAk azpimarratu du beste urrats bat egin dela zerbitzuaren pribatizazioan. Osakidetzak mantentze lanetan ari diren 14 behargin ditu Basurtuko Ospitalean, eta beste 12 Giroa-Veolia enpresan. Sindikatuak aldez aurretik salatu zuen Basurtuko Ospitalean sortzen diren mantentze behar guztiak Giroa-Veolia enpresak kudeatzen dituela. Enpresa horrek bere gain hartzen du lan guztia, eta soberakinak Osakidetzako langileei uzten dizkie. Gainera, mantentze zerbitzuaren biltegia enpresa pribatu horrek kudeatzen du zuzenean. "Horri guztiari Osakidetzako mantentze lanetako langileen behin-behinekotasuna gehitzen bazaio, zerbitzuaren pribatizazioaren atarian gaude", deitoratu du.

Sindikatuak azpimarratu Osakidetzan pribatizazio prozesu ugari daudela martxan, hala nola biltegiak, mantentze lanak, anbulantziak... Behin-behinekotasunarekin atea ireki nahi zaio pribatizazioari, eta, horregatik, Imanol Pradales lehendakariari plantillak egonkortzeko eskatu dio (25 proposamen biltzen dituen dokumentu batean), baita osasun publikoaren pribatizazioa geldiarazteko ere. "Ez dirudi horrelako erabakiek horretan laguntzen dutenik", deitoratu du ELAk.

Horren aurrean, sindikatuak eskatu du martxan dauden pribatizazio prozesu guztiak ezabatzeko eta plantillak egonkortzeko, kontsolidazio prozesu berezien bidez.