OSAKIDETZA
ELAk biltegien pribatizazioarekin amaitzea exijitu du Mahai Sektorialean

ELAk Osakidetzako biltegiak pribatizatzeko proiektua geldiarazteko eskatu du gaurko Mahai Sektorialean. Mahaiaren aurretik, Arabako biltegietako langileek elkarretaratzea egin dute, hain zuzen. Osasun Sailak 269 milioi euro bideratu zituen zerbitzuak azpikontratatzeko eta pribatizatzeko 2023an, aurreko urtean baino %9 gehiago. Azken hilabeteotan beste urrats bat eman du Osakidetzak politika horretan, eta 129 milioi euroko esleipen-pliegoa argitaratu du.
Eredu aldaketak lanpostuak suntsitzea eta Osakidetza ahultzea ekarriko du. Gainera, Osasun Sailak pliegoan erabilitako argudioa da Osakidetzako langileek ez dutela gaitasunik espezializazio handia behar duten jarduerak egiteko. Argudio hori onartezina da langileek normaltasunez egiten dituzten jarduerak direnean. ELAk aspaldi ekin zion bide juridikoari pribatizazio horren aurrean, eta auzibide horrek aurrera jarraitzen du.
Bestalde, ELAk kontsolidaziorako ezohiko LEP bat deitzea eskatu du, urte luzez kontratuak kateatzen dituzten 24.000 aldi baterakoak egonkortu ahal izateko.Europako auzitegiek behin-behinekotasun tasa %8ra jaistera behartzen dituzte administrazio publikoak, baina Osakidetzaren kasuan %50ean kokatzen da tasa. Bi langiletik batek pairatzen du egoera, urte luzeetan kontratuak kateatzeak dakarren prekaritatearekin eta lanpostu finkoa lortzeko inolako aukerarik gabe.
Eusko Jaurlaritzak beti erantzun bera eman du gai honi buruz: ezinezkoa zaiola ELAren aldarrikapenari erantzutea, Madrilek ezarritako birjarpen-tasak plaza gehiago deitzea eragozten diolako eta, gainera, ezohiko LEP formulak legezkotasun-arazoak ere badituelako. Baina Osakidetzak azterketarik gabeko aparteko LEP bat deitzea planteatu du (merituak baloratuz soilik), betetzen zailak diren fakultatiboen plazak betetzeko. Horrek erakusten du ELAren aldarrikapenei erantzutea borondate politiko kontua dela. ELAk Osasun Sailari eskatu dio formula hori bera erabil dezala kategoria guztietako aldi baterako langileak egonkortzeko.