BASURTUKO OSPITALEA

ELAk elkarretaratzea egin du erditzeen langileek tenperatura handiegiak jasaten dituztelako

2024/04/15
Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko erditze zerbitzuan urteak daramatzate lan baldintza eskasak pairatzen; izan ere, lan egiten duten pabiloian (Iturrizar) tenperaturak oso handiak dira. Adibidez, martxoaren 3an, goizeko 8,30ean, 30 gradura iritsi zen termometroa, legez baimendutako gehienezko tenperatura 27 gradu badira ere. Langileek eta pazienteek hainbatean kexatu dira, baina Osakidetzak ez du neurririk hartu

Argi dago horrek eragina duela plantillaren lan baldintzetan eta zerbitzuaren kalitatean: langileek ezin dute baldintza horietan lan egin, eta pazienteek ezin dute baldintza horietan egon. Egoera hain da muturrekoa, ezen ohikoa baita langileek zorabioak izatea erditze bat artatzen ari direnean (baita pazienteek ere); baita 38 gradutan dauden bero-sehaskek funtzionatzeari uztea giro-tenperatura handiagoa delako; eta, are gehiago, erditze instrumental batean norbera babesteko ekipamendu bat (EPI) jartzeak arrisku handiagoa ekar dezake babestu nahi den arriskuak berak baino, jasanezina baita transpiratzen ez duen EPI batekin lan egitea.

Ebidentzia horien guztien aurrean, Osakidetzak eta Bilbo-Basurtuko ESIak ez dute ezer egin urte guzti hauetan (leihoetan eltxo-sareak eta biniloak jartzeaz gain). Hain da txarra pabiloiaren egoera, duela hilabete baino gutxiago piztu baitzen sutea pabiloian; gainera, oraindik ez zaie sutearen arrazoiak jakinarazi ez langileei, ez ordezkaritza sindikalari. Orduantxe, erditzeen unitatea osorik lekualdatu zen, hori dela eta, ELA uste du lekualdaketa erdibideko irtenbidea izan zitekeela Iturrizarreko obrak artean.

Beste behin ere, plantillaren eta zerbitzu osoaren lan baldintza prekarioak salatzeko, ELAk, langileekin batera, elkarretaratzea egin du pabiloiaren atean, Basurtuko Ospitaleko instalazioetan.