ELAk erantzukizunak bere gain hartzeko eta arreta desbideratzen ez saiatzeko eskatu dio Osasun sailburuari

2021/01/27
Baieztatzen duenez, ESI batzuetan txertaketa-protokoloa errespetatu ez izana "Osasun Sailak prozesu guztian erakutsi duen gardentasun ezaren eta kudeaketa eskasaren ondorioa da, zalantzarik gabe".

ELAk Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako osasun Sailburuari eskatu dio "erantzukizuna bere gain hartzeko txertaketa-prozesuaren planifikazio eta kontrol ezagatik, arreta beste gai batzuetara desbideratzen saiatu beharrean".

Sindikatuak baieztatu duenez, ESI batzuetan txertaketa-protokoloa errespetatu ez izana "Osasun Sailaren gardentasun faltaren eta kudeaketa eskasaren ondorioa da, zalantzarik gabe".

Osasun sailburuak gaurko agerraldian egindako adierazpenen aurrean, ELAk honako hau adierazi du:

  • Hasieratik salatu izan du ELAk txertatze prozesu guztian dagoen informazio eta planifikazio gabezia. Gogoratu behar da sailburuak berak informazioa ukatu ziola sindikatuari antolakuntza-gai hutsa zela argudiatuz.
  • Koordinaziorik eta gardentasunik gabeko testuinguru honetan oraindik ere oztopo handiak jartzen zaizkio ESI bakoitzean txertaketaren nondik norakoak ezagutzeko. Behin txertatze prozesua hasita jaso zuen protokolo orokor bat, besterik ez.
  • Horrenbestez, Santa Marina Ospitaleko ELAko delegatuari, halako batean beste delegatu batzuekin batera Segurtasun eta osasun batzordearen bilera batean zela, esan zioten erietxe horretan irizpidea lantalde guztiari txertoa ematea zela, baita bertara ohituraz joaten direnei ere; hauxe izan da bere kasua. Berehala txertatzera behartu zuten, Ospitaleko zuzendaritzak erabaki baitzuen bere eginkizunak segurtasunez egiteko eta erietxea babesteko ezinbestekoa zela txertoa ematea, behin lantalde guztiak hartu eta gero; horregatik bilera amaitzean txertoa eman zioten.
  • Atzo, hilak 26, Segurtasun eta Osasun batzorde korporatiboak Osakidetzako zuzendaritzarekin izan zuen bileran ELAk adierazi zuen lanaldi osoko liberatu sindikalei, arreta lanetan ez dihardutenez, txertoa eman behar zaiela langileen azken lehentasun taldearekin batera, hots, protokoloak esaten duen moduan.
  • ELAk galdegin dio sailburuari dagokion erantzukizuna bere gain har dezala txertaketaren planifikazio eta kudeaketa eskasagatik; hau izan da Santa Marina eta Basurtuko Ospitaleetan izan diren egoeren jatorria. Halaber, eskatu dio ez dadila saiatu arreta desbideratzen horrekin zerikusirik ez duten beste kontu batzuetara.