ELAk erizaintzaren lanarentzat babes juridikoa exijitu du

2015/10/20
ELAk Euskadiko Osasun Kontseiluan parte hartu du gaurkoan. Bilera horretan Eusko Jaurlaritzari erizaintzak, Osakidetzak behartuta, egunerokoan plan estrategikoen ondorioz burutu behar dituen ekintza profesionalei lanei babes juridikoa emango dion araudia garatu dezala exijitu dio.

Martxoan Espainiako Gobernuak “erizainen preskripzio” moduan ezagutua izan dena arautzeko asmoa zuela jakin genuen. Prozesu hori geldiarazi omen dute, hala ere, Osakidetzak erizainak funtzio berriak hartzera behartzen du inolako lege-babesik gabe.

Osakidetza plan pilotuak ari da martxan jartzen momentu honetan, hala nola TRIAP edo PAL moduan ezagutu ditugunak, eta hauen bitartez erizaintzari ardura gehiago eman dio. Prozesu hauek ez dituzte inorekin eztabaidatu eta, horrez gain, ez dute lanerako protokolo argirik ezarri eta Osakidetzako kategoria ezberdinen arteko lankidetza nola emango den ere ez dute garatu.

Argitasun eta negoziazio falta honek kategoria ezberdinen arteko tentsioa eragiten du eta, kasu batzuetan, baita erizainen eta medikuen zuzendaritzen arteko gatazkak ere.

Prozesu honek erizaintza babes juridikorik gabe utzi du. Osakidetzak behartuta egunerokoan erizaintzak eman behar dituen aholku eta aginduak linbo legal batean aurkitzen dira, lan horiek ez baitute legearen babesik. Ardura batzuk hartzera behartzen dituzte, baina ondoren ez dituzte legezko ondorioak onartzen.

ELAk Eusko Jaurlaritzari sindikatuekin negoziatu dezala exijitu dio, era berean, bai elkargo profesionalen bai elkarte zientifikoen laguntza jaso dezala eskatu dio, ezagutza zientifikoen arabera adostutako lan-protokolo argiak burutu ahal izateko eta, modu honetan, lanbide bakoitzaren lan-eremuak argi definitu eta beharrezkoak diren lankidetza espazioak nola burutuko diren arautzeko. Era berean, Osakidetzari bere profesionalen osasun-lanari babes juridikoa eman diezaiola exijitu dio. Hau gertatu ezean, ELAk argi du mobilizazioa beste biderik ez dela izango.