ELAk erreklamatu dio Osakidetzari langile baten 141 kontratuei dagokien kalte-ordaina

2016/12/21
Joan den asteko epai batek Osakidetzaren kontratazio bat iruzurrezkotzat jo ondoren, ELAri ekarritako dokumentazioa nabarmen ugaldu da. Izan ere, Osakidetzan bakarrik 300 bat erreklamazio erregistratuko dira urtarrilaren hasieran. Eta erreklamazio haietako baten bidez bakarrik 141 kontraturen kalte-ordaina erreklamatuko da.

Administrazioetako aldi baterako kontratazioarekin loturiko kontsultak biderkatu dira arestian, EAEko Auzitegi Nagusiak iruzurrez kontrataturiko langile bati izaera mugagabe ez-finkoa aitortu eta kontratu-amaieran kalte-ordaina eman beharra onartu dionez geroztik. Abendura arte 70 erreklamazio erregistratu dira Osakidetzan; eta urtarrilerako, 300 aurkeztuko direlako aurreikuspena dago.

Erreklamaturiko kasuek argiro erakusten digute Osakidetzako langileen prekarietatea. Kasu horietako bat erizain-laguntzaile batena da, zeinak 141 kontratu izan dituen azken 4 urteotan. Erreklamazio hori Osakidetzaren enpleguaren kalitatearen adibide garbia da.

Emakume horrek 23 kontratu bildu ditu 2013an, 43 kontratu 2014an, eta 42 kontratu 2015ean. Nork izan dezake bizimodu duin bat lana hain kolokan edukita? Eskandaluzkoa da Osakidetzak, administrazio publikoa izanik, hain enplegu eskasa eskaintzea! ELAk sustatu dituen auzi-erreklamazioen helburua prekarietate hori ezabatzea da, eta baita zerbitzu publikoaren eredu berri bat, kalitatezkoa, eraikitzea ere, enplegu duina eta egonkorra oinarri harturik.

ELAk eskatu dio Osakidetzako zuzendari berriari, Maria Jesus Mugikari, negoziazio bat hastea, Osakidetzako aldi baterako langileen tasa nabarmen murrizteko. Orain behin-behinekotasuna %40tik gorakoa da, eta 14.000 langiletik gora hartzen ditu eraginpean. Horietatik 4.000 inguru izan daitezke iruzurrezko kontratazioak.

ELAk behin eta berriz esango du arazo horren konponbidea negoziatzea dela, eta ez 14.000 langile horiek auzibidez erreklamatzera bultzatzea. Aldi baterako kontratuen amaierengatik eman beharreko kalte-ordainak askoz urriagoak izango ziren, baldin eta behin-behinekotasuna %40koa izango ez balitz. Ezinbestekoa da borondate politiko berri bat agertzea, eta enplegu prekario horrekin bukatzeko sentiberatasuna areagotzea.