OSAREAN: ELAk eskatu dio Osakidetzari erabakirik ez hartzeko, sektore-mahaian eztabaidatzen ez den bitartean
Erabaki berri horren jatorria murrizketa-politika da.
Baliteke neurri hori bat etortzea sindikatuaren betiko eskakizun batekin, baina Osakidetzak proiektua bertan behera uzteko izan dituen arrazoiak eta gureak elkarren kontrakoak dira.
Komunikabideen bitartez jakin ahal izan dugu Osakidetzak ez duela abiaraziko Osarean (Osakidetza sarean), proiektuaren eraginkortasun eskasa eta kostu handia arrazoiak kontuan harturik.
ELAk ustekabez hartu du euskal osasun publikorako hain garrantzizkoa den erabakia komunikabideen bitartez jakinarazi izana; lehenengo, behar bezala, ordezkari sindikalei deitu eta jakinarazi beharrean. Are harrigarriagoa da, gure sindikatuak hainbeste kritika eta zalantza proiektu horri aurkeztu dizkiola kontuan hartzen badugu. Horrek berriz ere ematen digu aditzera Osakidetzak jendaurrean agertzen duen negoziazio-izaera itxurak besterik ez direla, eta ez duela batere gogorik erabiltzaile eta langileentzako garrantzizko gaiak negoziatzeko, alegia, arretaren kalitatearekin eta lan-baldintzekin zerikusi zuzena duten gaiak.
Gogoan izan aurreko Osasun sailburuaren ikur-proiektuen artean OSAREAN zegoela. Orduko adierazpenen arabera, euskal osasun publikoa azkarragoa, metaketarik gabea, eta erreferentziazkoa bihurtuko zen, berrikuntza teknologikoagatik, eraginkortasunagatik eta kalitate-maila handiengatik. Proiektu horren abiapuntua aurretiazko zita web-orritik egitea izan zen, eta CALL CENTER sistema. Gero, proiektu integral gisa osatu zen, gaixoa urrutitik artatzeari begira, osasun-sare eta eragileen bitartez. Horrela, zitak eta osasun-aholkuak emango ziren, eta gaixo kronikoei urrutiko jarraipena eskainiko zien TIC bidez.
ELAk gogor kritikatu zuen proiektu horren ageriko helburua: pribatizazioa. Izan ere, eskainitako zerbitzu gehienak azpikontratatu zizkieten enpresa pribatuei, eta ondorioz enplegu publikoa berregituratu eta murriztu zen. Pozik eza orokorra izan zen erabiltzaile eta langileen artean, eta hala salatu genuen guk. Erabiltzaileak denbora galtzeaz eta sistemaren zailtasunaz kexu ziren; eta langileen erostak, ordea, lan-karga eta ardura handiagoak egiteko langile gutxiago izatearen ingurukoak ziren.
Proiektuaren gainbehera ikusita ere, diru publikoa sartzen jarraitu zuten, enpresa pribatuen eskuetara joan zena. Inbertsio guzti horiek 14 milioi euro ingurukoak dira, eta inork ez du horren kontu garbirik ematen.
Hiru urte igaro ostean, eta OSAREANeko ezarpena EAEn oso desorekatua izanik, Osasun Sailak berretsi du ELAk hasieratik iragarri zuena; baina norabidea aldatzeko arrazoiak oso bestelakoak dira, haien kasuan zerikusia dute Eusko Jaurlaritzaren murrizketa-politika latzarekin, eta aurrekontuak argaldu beharrarekin; eta ez dituzte aipatzen proiektuaren porrotaren benetako arrazoiak.
ELAk, bestalde, salatzen du erabakia ALDE BAKARRETIK hartu izana, sindikatuei informaziorik eman gabe, eta negoziatzeko eta parte hartzeko aukerarik eman gabe. Sindikatu honek Darpon jaunarekin izan zuen lehenengo bileran —azkena ere izan zena—, eta Osakidetzaren Zuzendaritza Orokorrean izandako bileretan Osakidetzan abian diren proiektu horren eta beste batzuen geroari buruzko argibideak eskatu ditugu. Eta, horri dagokionez, ez dagoela ez balioespenik, ezta erabakirik ere, erantzun izan digute, baina bai onartu zuten proiektuak aztertuko zituztela.
ELAk deitoratzen du Osasun Sailaren eta Osakidetzaren jarreraren ezaugarria iluntzaletasuna izaten jarraitzea, eta gaiak zein jardunbideak isil-gordean eramatea. Euskal osasun publikoaren ereduaren ibilbide-orrian, eta Osakidetzako langileen lan-baldintzetan sindikatu honi dagokion partaidetza onartu eta errespetatzeko eskatzen dugu.
Gasteiz, 2013ko uztailaren 12a.