Onkologikoa (Donostia)

ELAk eskatu du Osakidetzako langileei erradiazioak dakarren arriskua aitortzeko

2025/04/11
ELAk 125 profesionalen sinadurak dituen eskaera bat aurkeztu du Osakidetzan, Onkologikoa Fundazioaren hitzarmenak jasotzen duen arrisku-plusa lortzeko.

ELAk Osakidetzari eskatu dio erradiazioarekiko esposizioak dakarren arriskua errekonozitzea.  Onkologikoko langileek beren hitzarmen kolektiboan arriskugarritasun-plusa eta, ondorioz, osagarri ordaindua aitortuta duten bitartean, Fundazioan lan bera egiten duten Osakidetzako estatutupeko langileei ez zaie kontzeptu hori aitortzen. ELAk dokumentu bat aurkeztu dio Osakidetzari, Onkologikoa Fundazioan zerbitzua ematen duten 125 profesionalek sinatua, kontuan hartuta arriskua berdina dela enplegatzailea edozein dela ere.

ELAk azaldu du Onkologikoa Fundazioa Osakidetzako zerrendetara jotzen duela lanpostu hutsak betetzeko, eta, beraz, Osasun Sailaren lan-baldintzak dituztela. Kontratazio horiek bitarteko edo ordezkapeneko aldi baterako estatutu-izendapenen bidez egiten ari dira, estatutupeko langileen berezko legeen eta Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioaren arabera.

Aldiz, Onkologikoak bere langileekin lehen formalizatzen zituen kontratuak lan-izaerakoak ziren eta Onkologikoa Fundazioaren Hitzarmen Kolektiboa aplikatzen zaie. Ildo horretan, eta laneko segurtasunari eta laneko osasunari dagokienez, erakundeak berak uste du lan-baldintzak arriskutsuak direla osasunerako, plantilla erradiazio ionizatzailearen eraginpean dagoelako.