ELAk Urkulluri eskatu dio bete dezala bere esparruan ere enpresaburuei eskatzen diena
Urkullu lehendakariak Cebeken batzar orokorrean honelako adierazpenak egin zituen:“soldatak egokitu behar dira, eta behin-behineko kontratuak behin-betiko bihurtu, horrela enpresa proiektu komuntzat hartzeko ideia errotuko dugu". ELAk Jaurlaritzaren zinismoa eta zurikeria salatu nahi ditu. Izan ere, Jaurlaritzaren ardurapeko esparruan, alegia, patronal gisa aritzen denean, %15 murriztu dizkie soldatak bere langileei, eta, aurten, soldata izoztuekin mantentzen ditu.
Bestalde, enpleguaren arloan egoera hondamendi hutsa da, 3 langiletik 1 behin-behinekoa da, modu irregularrean noski, egitura-postuetan aritzen baitira. Horren adibide garbia Osakidetza dugu, non behin-behinekotasunaren tasa %38koa den. Hezkuntzan ere ez dabiltza hortik oso urrun, %30eko tasa baitute. Gainera, Jaurlaritzak beherantz lizitatzen du, eta jokabide horrek prekarietate gorrira hondoratzen ditu azpikontratatutako langile publikoak.
ELAk Jaurlaritzari eskatzen dio utzi diezaion “partxeak” jarri eta “propaganda” egiteari, horrela ez baita sekula konponduko enpleguaren egiturazko eta funtsezko arazoa. ELAk Jaurlaritzari eskatzen dio berreskuratu dezala orain arte suntsitu den enplegua, eta sortu ditzala EAEko esparru publikoan kalitatezko 30.000 lanpostu, prozesua gehiengo sindikalarekin adostuz. Horrela, erretiratuko direnen 9.000 postuak berreskuratuko lirateke, eta behin-behineko postuak, ia plantillaren herena, egonkortuko lirateke.
Soldatei dagokienez, Jaurlaritzari egiten dizkiogun eskariak hauexek dira: eros-ahalmena berreskuratzea (%15etik gorakoa); Itzarrirako ekarpenak berriro egitea (finkaturiko portzentajeetan); gaixotasun-zigorra berehala kentzea; eta murriztu diren gainerako lan-baldintzak lehengoratzea (karrera edo lanbide-garapena, erretiro-primak...). Horrekin batera, langile publiko azpikontratatuen lan-baldintzak duintzeko beharra ere plazaratu nahi diogu.