ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio berehala bueltatu dezan 2012an kendutako aparteko ordainsaritik falta den %50a
Eusko Jaurlaritzak hedabideetan egindako adierazpena dela eta, esanez ekaineko ordainsaria berriro aurreratuko duela eta urtarrilean ordainduko duela, eta 2017an bueltatuko duela 2012an kendutako aparteko ordaisariaren %25a, ELAtik exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari beharreko aurrerapausoak eman ditzala galdutako erosahalmena berreskuratzeko eta berehala ordaindu dezala 2012an kendutako aparteko ordainsaritik falta den %50a.
ELArentzat, Eusko Jaurlaritzak esandakoa, hau da, goizegi dela normaltasuna berreskuratzeko aparteko ordainsariaren ordainketari dagokionez, langile publikoei iseka egitea da kontutan hartzen badugu Hegoaldeko gainerako administrazioek (udalak eta foru aldundiak) kendutako ordainsariaren %100 jadanik bueltatu dutela eta Nafarroako Gobernuak datorren urtarrilean egingo duela.
Azken urtetan, ELAtik argi eta garbi esan dugu Urkulluren Gobernuak aplikatu izan dituela Madriletik etorritako murrizketa guztiak eta murrizketa horiek kalte larriak eragin izan dizkiela administrazio publikoko eta zerbitzu publikoetako langileei. Urkulluren aitzakia izan da segurtasun juridikoa bermatzeko beharra daukala murrizketa hauen inguruan, baina Madrilen baimentzen denean murrizketen erregularizazioa/normalizazioa ez du erakusten erregularizazio hori egiteko borondaterik.
ELAtik exijitzen dugu Mahai Orokorra berehala deitzea langile publikoen erosahalmenaren berreskuraketa, 35 orduen mantentzea eta enpleguaren inguruko europar epaien betetzea negoziatzeko.