ELAk exijitzen dio Gobernuari 2012ko aparteko ordainsaria irailean iragarri zen moduan itzultzeko

2015/11/18
ELA harriturik geratu da Ogasun kontseilariaren adierazpenak direla-eta, ez baita lansariei buruzko akordiorik egin Mahai Orokorrean.

Nafarroako Gobernuak 2016ko aurrekontuen aurre-proiektua aurkeztu zuen atzo, eta bidenabar adierazi zuen herri-langileei zor zaien 2012ko aparteko ordainsaria ez dela itzuliko irailean iragarri zen moduan, baizik eta ordainketaren erdia 2016 eta 2017ra arte gibelatuko dela. Gainera, Gobernuak erran zuen akordio bat zegoela sindikatuekin, eta “oraingo ekonomia-egoera dela-eta”, sindikatuek ontzat jo dutela %1eko soldata-igoeraren trukean aparteko ordainsariaren azken zatia gibelatzea.

ELAk ez daki zertara datorren adierazpen hori, zeharo okerra baita. Bilera egiteko hainbat aldiz eskatu arren, irailaren 7az geroztik ez da izan Mahai Orokorraren bilerarik, eta organo horren baitan negoziatu behar da sindikatuekin. Akordiorik egin bada, ez da izan ELArekin.

Halaber, 2015eko irailaren 16ko gobernu-bilkuraren aktan hauxe geratu zen jasota: “Nafarroako Gobernuak abendu eta urtarril bitartean itzuliko die bere langileei 2012an kendutako aparteko ordainsariaren %75”. Akta hori Lehendakaritza Departamentuaren agiri ofiziala da.

Beraz, ELAk exijitzen dio Nafarroako Gobernuari 2012ko 14. ordainsaria itzultzeko, iragarrita zegoen moduan. Bestalde, 2016ko soldata-igoera Mahai Orokorraren baitan negoziatu behar da, beste gai bat delako.

Gainera, Nafarroako Gobernuak aipaturiko akordioa zein sindikaturekin egin duen argituko duela espero du ELAk. Bestela, akordiorik izan ezean, adierazpen hori zuzenduko duelakoan gaude, hala baitagokio.