OSAKIDETZA
ELAk ezohiko lan eskaintza bat negoziatzeko eskatu du, 24.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko

Gauzak horrela, ELAk kontsolidaziorako aparteko LEP bat aldarrikatzen du milaka aldi baterako langileak egonkortzeko, urte luzeetan kontratu katearen prekaritatea pairatu dutenak. ELAk urteak daramatza Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa altuak salatzen. Arazo horrek plantillaren erdiari eragiten dio. Gaur egun, aldi baterako 24.000 langile daude; bitik bat, nahiz eta Europako auzitegiek behin-behinekotasun tasa %8ra jaistera behartu dituzten administrazio publikoak.
Osasun Sailak LEP bat deitzen duen bakoitzean eskaintzen diren plazak nekez betetzen dituzte erretiroak (1.000 inguru urtero). Horri gehitu behar zaio hautaketa prozesu bakoitza ebazteko denbora luzea dela; ondorioz, LEP bat ebazten denerako, milaka lanpostu daude hutsik geratu direnak erretiroen ondorioz. Behin-behineko langileek betetzen dituzte horiek. Eskainitako plaza kopurua ikusita, langile horiek ez dute plaza finkoa lortzeko inolako aukerarik.
Eusko Jaurlaritzak beti erantzun bera eman du gai honi buruz: ezinezkoa zaiola ELAren aldarrikapenari erantzutea, Madrilek ezarritako birjarpen-tasak plaza gehiago deitzea eragozten diolako eta, gainera, ezohiko LEP formulak lege arazoak ere badituelako. Azken asteetan, ordea, Osasun Sailburuak azterketarik gabeko aparteko EPE bat iragarri du (merezimenduak baloratuz soilik), fakultatiboen 108 plaza betetzeko. Horrek erakusten du ELAren aldarrikapenei erantzutea borondate politiko kontua dela; izan ere, kolektibo horrentzat aparteko LEP bat aurreikusten da, eta plaza horiek guztiak eskaintzea aurreikusten da ere. Orain badirudi posible dela. Gai hori da ostegun honetarako, hilak 10, deitutako Mahai Sektorialaren gai-zerrendako puntuetako bat.
ELAk Osasun Sailari eskatu dio formula bera erabiltzeko kategoria guztietako aldi baterako langileak egonkortzeko. Mahai Sektorialean ezohiko LEP bat planteatu behar da kategoria guztietarako, behin-behinekotasun tasak %8ra jaisteko eta Osakidetzako plantillak jasaten duen prekaritate elementu larrieneratiko batekin bukatzeko.