ELAk Osakidetzako garapen profesionalaren deialdiaren etete erabakia errekurritu du

2014/06/17
Aurretik esana genuen bezala, Osakidetzak inposatutako 2011ko Garapen Profesionaleko deialdien etetea erabaki zuenean, ELAk Osakidetzaren ebazpena errekurritu du. Errekurtso honen eta mobilizazio bateratuen bitartez Administrazioaren erreflexioa eragin eta langileei lapurtutako eskubideak berrezarri daitezela lortu behar dugu.

ELAren ustez, egungo Garapen Profesional eredua oraindik ere diskriminatzailea da kategoria ezberdinen artean, formazio ustela bultzatzen du eta arduradunekiko morroitza eragin dezake.

Edonola, Osakidetzak langileei egindako murrizketa guztien ondoren, langileen parte batek izan zezakeen soldata igoeraren itxaropena lapurtzea onartezina da.

Era berean, Osakidetzak hartutako erabakiaren ondorioz, praktikan Osakidetzan soldata eskala bikoitza sortu da, aurreko deialdietan parte hartu ahal izan zutenen eta egungo bere maila hobetu ezin dutenen artean.

Murrizketa berri honek eta beste neurri murriztaile batzuek Osakidetzako langileen ordezkaritzaren %90ari baino gehiagori mobilizazio gogorrak deitzera eraman gaitu, besteak beste Osakidetzak bere egungo posizioa aldatu ezean 2014an 34 orduko greba burutzera eramango duten mobilizazioak,

Edozein kasutan, lehen hitzordua Bilboko kaleetan dugu datorren ekainaren 26an burutuko dugun manifestazio handian. Berau Jesusen Bihotzean hasiko da arratsaldeko 18:00etan.