USANSOLO OSPITALEA

ELAk greba deitu du 20 langileren kaleratzearen aurka

2025/04/09
ELAk salatu du kontratuak iruzurrezkoak direla eta Osakidetzak horiek likidatu nahi dituela lanpostuak egiturazkoak izan ez daitezen, legeak agintzen duenaren arabera. Estatutu Markoak funtzio horietarako kontratuak egitea galarazten dio Osakidetzari 2 urtez, lanpostu horiek egituraz sortzen ez badira.

Barrualdeko ESIko Zuzendaritzak Usansoloko Ospitalearen 9. B solairuko langileei jakinarazi die apirilaren 30ean kontratu guztiak likidatuko dituela. Guztira 20 langile dira, erizainak eta erizaintzako laguntzaileak. Erabaki horren aurka, ELAk greba deitu du apirilaren 22utik 30era

ELAk salatu du, gainera, hogei kontratuak iruzurrezkoak direla:

  • Ez datoz bat legeak ezartzen duenarekin (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua eta Estatutu Markoarekin).
  • Egiturazko funtzioak betetzen dituzten arren, izendapen guztiak arrazoi koiunturalengatik egiten dira 2020. urtetik hona.
  • Osakidetzak, lanpostu hauek estrukturalki ez sortzeko, iraupen laburreko kontratuak egiten ditu, likidatu egiten ditu, eta berriro kontratu berriak egiten ditu.
  • Jarduteko modu horrek eragin du, halaber, urte hauetan langileek oporretarako duten eskubidea ere urratua izatea, ez baitzaie oporrez gozatzen utzi.

Osakdietzaren jarduteko modu horrek, ESIetan asko erabiltzen dena, langile prekarioak sortzen baino ez du laguntzen, ELAk azpimarratu duenez. “Osakidetzaren diskurtso ofizialak kudeaketa eta zerbitzua hobetzen ari dela dioen arren, errealitatea oso bestelakoa da. Behin-behinekotasunak % 50etik gorakoa izaten jarraitzen du, nahiz eta EPE masiboak saldu, eta aldi baterako kontratu horietako asko plaza-koderik gabe daude”, azaldu dute Esti Feliz eta Arkaitz Herreros, ELAko delegatua eta ELAko Bizkaiko Osakidetzako arduradunak.

ELAk Osakidetzari eta Barrualdeko ESIari exijitzen die ez ditzatela eten gaur egun Usansoloko Ospitaleko 9. B solairuan zerbitzuak ematen dituzten langileen kontratuak. Kontrara, exijitzen du sor ditzatela lanpostu horien guztien kodeak, estrukturalak bihur daitezen. Hori baita zerbitzuaren funtzionamendurako eta egungo plantillari egonkortasuna emateko ezinbesteko bidea.