Fresenius Medical Care (Dialbilbo)

ELAk hiru greba egun deitu ditu

2024/11/18
Bilboko dialisi zerbitzuaren %100 Osakidetzak azpikontratatua du, diru publikoarekin finantzatzen da eta langileen eskubideak modu larrian urratzen ditu. Osakidetzak ez du bermatzen kalitatezko zerbitzurik eta ez du erantzukizunik hartzen azpikontratatutako enpresaren ez betetze larrien aurrean. Hau guztiagatik ELAk hiru greba egun deitu ditu: azaroak 19, 20 eta 26.

Fresenius Medical Care (Dialbilbo) enpresako enpresa batzordea, %100ean ELAk osatua, hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzen ari da 2023ko urtarriletik. Enpresak lan baldintza duinak negoziatzeari uko egin dionez, eta Eusko Jaurlaritzaren (Osakidetza) immobilismoa dela eta, ELAk hiru greba egun deitu ditu azaroaren 19, 20 eta 26rako.

Fresenius Medical Care (Dialbilbo) dialisi tratamendua eskaintzen duen multinazionala da. Bilbon ematen duen zerbitzua Osakidetzak azpikontratu du, diru publikoarekin finantzatzen da eta lan eskubideen urratze larria egiten du, hori guztia Osasun Sailak jakinda, ELAk azaldu duenez.

ELAk salatu du Fresenius Medical Care (Dialbilbo) enpresak 2020ko apiriletik ez duela betetzen Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioa (erizain bat 4 pazienteko), eta 8 pazienteko erizain batek ematen duela zerbitzua (ratioa bikoiztuz). Ratioa gainditzea egiturazkoa bihurtu da, eta arrisku larrian jartzen du pazienteen osasuna. Gainera, gehiegizko lan kargek lan osasuneko arazoak eragiten dute langileen artean.

Horren guztiaren berri eman dio ELAk Osakidetzari, eta duen erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu du, erantzunik jaso gabe. 2024ko uztailean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak enpresa zigortu zuen eta 15.000 eurokoko kalte ordaina eman behar izan zion ELAri, grebarako eskubidea urratzeagatik, eta ezarritako ratioaren gainetik lan egiteagatik dagozkion soldatak ez ordaintzeagatik.

Batzordeak salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan, legez ezarritakoak baino aparteko ordu gehiago egiteagatik; zehazki, 2021ean aparteko 1.000 ordu baino gehiago erregistratu ziren, 2022an 3.300 ordu baino gehiago, 2023an 2.500 baino gehiago, eta 2024an, ekitaldia itxi gabe egonda ere, legez ezarritakoa gainditzen du (uztailean jada 1.200 baino gehiago zeuden).