ELAk Jaurlaritzak zerbitzu publikoen lepotik egindako operazio mediatikoa salatu du
Urkullu Lehendakariak Las Nieves Ospitalera bisita egiteko sindikatuok Osakidetzan beste bi greba egun deitzeko egun bera aukeratu du.
Ospitaleko zuzendaritzak langile guztiak deitu ditu bisitan egotera eta Lehendakariarekin argazkiak egitera, lanpostua uztea ahalbidetuz. Bisita medio Ospitalaren ohiko martxa hiru orduz etenda geratu da.
Haatik, Urkullu Lehendakariaren gobernuak ez du aukera ematen beste osasun-zentro batzuk erabiltzeko, helburua bere murrizte politika salatzeko protesta egitea denean. Martxoaren 12an protesta baketsua egiten ari ziren dozenaka langile kanporatu zituzten Gipuzkoako Ospitaletik, protestak osasun-zerbitzuan inolako etenik eragin ez bazuen ere.
ELAk salatu nahi du Jaurlaritza osasungintzako mobilizazioak ezkutatzeko kanpaina egiten ari dela. Protesta ikus ez dadin gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzen ditu, hauek urratu edota mobilizazioak debekatzen ditu.
Bereziki gaitzesgarria da bi greba egun deitu diren egun berean irrati publikoan (Radio Euskadi) Osakidetzako giza-baliabideetako zuzendaria elkarrizketatzea, greba deitu dutenei beren arrazoiak azaltzeko beta eman ordez. Helburua, hitzez hitz adierazia, greba egiten dutenak intsolidarioak direla saldu nahia. ELAk arbuiatu egiten du gobernuak EITBz egiten duen erabilpen lotsagabea.