ASUNCION KLINIKA (TOLOSA)
ELAk langileen subrogazioa bermatzea eskatu du

Asuncion klinikako langileek (350 inguru), herritarrekin batera, ospitale publiko bat eskatzen dute Tolosaldean; % 100 publikoa, zerbitzu guztiekin eta langileen subrogazioarekin. Gaur egun, plantillak zerbitzu publikoa ematen du orain arte eskualdeko ospitale funtzioa betetzen zuen klinikan, baina enplegu publikoak izan beharrean, pribatizatuak eta lan baldintza okerragoetan daude.
Donostiako Onkologikoan gertatu den bezala, non plantilla Donostialdea ESIra subrogatu den bere lanpostuak bermatuz, ELAk eskatu du gauza bera egiteko Asunción Klinikarekin, edo Klinika publiko eginez, edo Tolosan eraikiko den ospitale berriko langileen subrogazioa bermatuz. Tolosaldeko alkateei ere eskatzen die proiektua ontzat ez emateko langileen subrogazioa bermatzen ez bada.
ELA kezkatuta dago proiektu berriarekin, eta ohartarazi du ez dela bermatzen ospitale berria % 100 publikoa izatea. Hau da, ez da bermatzen zerbitzuak pribatizatuko ez direnik. Sindikatuak salatu du ez zaiola plan funtzional berria helarazi eta informazio guztia prentsaren bidez jaso duela.
Hedabideetan argitaratutakoaren arabera, ez dirudi eskualdeko ospitalea denik zerbitzu guztiekin, Debagoieneko ESIak ematen dituen zerbitzuekin alderatuta, oso antzekoa biztanlerian, aipatu diren zerbitzuen, ebakuntza-gelen... kopuruak ez baitu ematen eskualdeko ospitale integral bat denik, herritarrak eskatzen ari direna.