SEKTORE PUBIKOA

ELAk Legebiltzarrean eskatu du euskal alderdiek ez dezatela Madrilen onartu soldatak eta enplegua mugatzea

2023/09/27
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean Esther Saavedra ELAko osasun arduradunak salatu du Osasuneko Mahai Sektorialean edukiak falta direla, eta eskatu du Osakidetzaren egiturazko arazo larriei aurre egiteko aurrekontu egokiak.

ELAk, Osasuneko Mahai Sektorialeko gainerako sindikatuekin batera, agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Esther Saavedra ELAko kideak Madrilgo Kongresuan eta Senatuan ordezkaritza duten alderdiei eskatu die exijitu dezatela azken urteotan enpleguaren eta soldaten arloan Madrilek ezaritako mugak kentzea. Estatuak bere egindako EAEko eskumen bat dela oroitarazi du Saavedrak: “Gure herrian gure zerbitzu publikoen soldatak eta enplegu beharrak negoziatu nahi ditugu. Ez da onargarria Madrilek mugatzea eta euskal alderdi politikoek hori onartzea. Gurea den eskumen bati uko egiten ari gara, eta ez dago borondate hutsetik haratago uko egitea justifikatzen duen arrazoirik”.Era berean, Gasteizko Legebiltzarrean onartuko den aurrekontuan Osakidetzaren beharrei aurre egiteko aurrekontu partida nahikoa ere eskatu du ELAk.

Osasun Mahai Sektorialari begira, Saavedrak ziurtatu du edukiak falta direla. Zortzi hilabete negoziatu gabe eta greba eta mobilizazio deialdien ondoren, Mahai Sektorialeko sindikatuak bertara itzuli ziren ekainean. Egoera, baina, ez da funtsean aldatu. Osakidetzak ez ditu betetzen lortzen diren akordio urriak, eta gaiak mahaira eramaten ditu negoziaziorako borondaterik gabe. Gainera, sindikatuei ez zaie beharrezko informazioa eskaintzen, edota informazio hori ere ukatu egiten zaie zuzenean; komunikabideen bidez izaten dute askotan horren berri. Ondorioz, ez dago Osakidetzaren egiturazko arazo larriak konpontzeko benetako edukidun negoziaziorik. Mahai Sektorialean landu beharreko gai nahusiak aletu ditu Saavedrak Legebiltzarrean. Hala nola soldaten igoera, behin-behinekotasunari nola aurre egin, Lehen Arretako egoera, Osakidetzaren plantillaren handitzea eta bestelako gai batzuk: lan kargak arintzea, kontziliazio neurriak, langileak euskaldunizatzeko tresnak..