GIPUZKOAKO ANBULANTZIAK

ELAk Osakidetza behartu du langileen subrogazioa planteatzea

ELAk Osakidetza behartu du langileen subrogazioa planteatzea
Ekintza sindikalari esker -ELAk greba aurreabisua jarri zuen- lortu da Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuetako zerbitzuaren publifikazioak kaleratzerik ez eragitea.

ELAk, bere salaketari esker, lortu du Osakidetzak baztertzea Tolosako eta Elgoibarko anbulantzia medikalizatuetako langile guztiak (45 pertsona) kaleratzeko asmoa, eta subrogazioari ateak irekitzea. Osakidetzak bere jarrera aldatu du ELAk greba aurreabisua jarri ostean. Zerbitzua, orain arte azpikontratatua, publikoa izatera pasako da, eta hasiera batean, euskal erakunde publikoak hori egin nahi zuen langileak subrogatu gabe, hau da, orain arte lan hori egin zuten langileak kaleratuz.

Hasiera batean langileei jakinarazi zitzaien euren lan kontratua etengo zela, inolako subrogazioarik gabe. Ondoren, eta sortutako gatazka giroa ikusita, Administrazioa langileei banaka jakinarazten hasi zen bitarteko kontratu iragankorrak eskuratzeko aukera. Azkenik, eta ELAren jardunaren ondorioz, langileen subrogazioa planteatu du.

ELAk langileen bidez izan zuen proposamen horren berri, eta argi ikusi zuen formula hori ez zela nahikoa; izan ere, ez zuen bermatzen enpleguaren mantenduko zutenik, langileek antzinatasuna galdu zezaketen, eta ondoren kaleratuak izateko arriskua zegoen. 

Testuinguru horretan, ELAk greba aurreabisua jarri zuen, sektoreko gainerako sindikatuekin batera hartutako erabakia, Administrazioak bere jarrera berriz azter zezan. Sindikatuak tematuta, gatazka irekita eta hitzarmen kolektiboak subrogazioa babesten zuela ikusita, Osakidetza hasierako planteamendua aldatu eta aukera horri buruz hitz egiten hasi zen.

Tolosan eta Elgoibarren gertatutakoak aurrekari garrantzitsua da HNSS eta LGSSren etorkizuneko publifikazio prozesuetarako. ELAk azpimarratu du zerbitzuak publifikatzeko benetako lan bermeak behar direla, langileek enplegua mantenduko dutela eta lan baldintzak zein esperientzia profesionala errespetatuko direla bermatuz.