ELAk Osakidetzako lekualdatzerik eza salatu du

2017/05/26
Osakidetzak lekualdatze eskaintza geldiarazi du, erabat eznahikoa dena kopuruari begira, baina milaka langilerentzat bere bizilekutik hurbil lan egiteko aukera bakarra lekualdatze lehiaketa hori da. ELAren ustez lekualdatze eskaintza masibo bat egin beharko litzateke, baina, bien bitartean, egungo lekualdatzea exekutatu egin behar da eta, ahal den neurrian, langileei eragiten ari zaien kaltea txikitu.

Osakidetzak uztailaren 18an Lekualdatze Lehiaketa barregarri bat onartu zuen, 800 lanpostu bakarrik eskaini zituen, Osakidetzak 6.000 lanpostu huts baino gehiago izan arren bere plantilla estrukturalean. Egun milaka langilek bere lanpostu finkoa bizilekutik kilometro askotara daukate, bizilekutik hurbil lanpostu hutsak egon arren. 

Kategoria askotan orain urte asko egin ziren azken lekualdatze lehiaketak. Gasteizen bizi eta Donostian lanean ari den langile kopuru handi bat dago, egunero lan egiteko 200 kilometrotik gora egitera behartua dagoena, horrek dakarren arriskuarekin, bere kategoriako lanpostu hutsak egon arren Txagorritxu edo Santiago ospitaleetan.

Normalean, EPE bateko lanpostuak esleitu aurretik Osakidetzak Lekualdatze Lehiaketakoak esleitu izan ditu, baina oraingoan 2014/2015 EPEko destinoak argitara eman ditu, aurretik Lekualdatze Lehiaketako destinoen berri eman gabe eta, ondorioz, langile askori lekualdatzeko aukerak murriztu egin dizkiete.