ELAk Osakidetzari eskatzen dio, Koronavirusaren aurrean, bere langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak

2020/02/26
Koronabirusaren kasuan ere, Osakidetza berandu eta gaizki dabil bere langileak infekzioa duten pazienteak hartzeko eta artatzeko prestatzerakoan, eta horrek arriskuan jartzen ditu haien segurtasuna eta osasuna.

Txinak alerta 2019ko abenduan eman bazuen ere, eta Osasunerako Mundu Erakundeak urtarrilaren 30ean Nazioarteko Osasun Publikoaren Larrialdia deklaratu bazuen ere, denbora honetan, Osakidetzak ez du martxan jarri bere langileei balizko kasuei aurre egiteko informazioa eta prestakuntza emateko plangintzarik. Langileen segurtasuna eta osasuna, eman beharreko osasun-arretarekin bateragarriak izan behar dira.

Osakidetzak 27 orrialdeko jarduera-protokolo bat bidali die bere langile guztiei posta elektronikoz, eta horretara mugatu da bere jarduera. Horrela, langileen erantzukizunpean utzi du protokolo hori irakurri, ulertu eta prebentzio-neurriak hartzeko ardura.

Protokolo horrekin batera, ez da etorri kasu hauetan nahikoa eta egokia izan behar duen prestakuntza. Erreferentziazko zentro gisa kalifikatu diren ospitaleetan (Gurutzetako Ospitalea, Donostia eta Txagorritxu) soilik prestatu dira profesional gutxi batzuk, eta prestakuntza horrek larrialdietako langile guztiak ere ez ditu hartu, horiek iristen diren kasuekin harremana duten lehenak badira ere.

Hala, Gurutzetako Ospitalean, adibidez, orain arte, erizain bakarra prestatu da larrialdietako talde bakoitzeko, eta aste honetara arte ez dira hasi langile gehiagori prestakuntza ematen. Beste adibide bat da emergentzietako langileena, gaixoa lekualdatu eta artatu behar duten lehenengoak izanik, aste honetara arte ez dira hasi prestakuntza jasotzen.

Bitartean, profesionalek gaixotasunaren balizko kasuei aurre egin behar izan diete, eta prestakuntza pixkanaka jasotzen ari diren bitartean, kasuak iristen jarraitzen dute, gerta daitezkeen egoerei aurre egiteko behar bezala prestatuta egon gabe. Horrek arriskuan jartzen du haien segurtasuna eta osasuna.

Azpimarratu behar dugu prestakuntza hori ez dela beharrezkoa erreferentziazko ospitaleetan soilik; izan ere, paziente bat berez joan daiteke Osakidetzako edozein zentrotara, eta, beraz, bermatu behar da horiek guztiak prest daudela kasuak jasotzeko.

Planteatutako egoera larriagoa da, are gehiago, kontuan hartzen badugu plantillaren ia %40a aldi baterakoa dela. Horren ondorioz, langileen txandakatzea handia da eta taldeak osatzen dituzten pertsonak etengabe aldatzen doaz.

Egoera horren aurrean, ELAk eskaera bat erregistratu du, ESI bakoitzak berehalako eta premiazko prebentzio-neurriak hartu ditzan, eremu bakoitzeko lan-arriskuen ebaluazioa abian jar dezan eta langile guztientzako prestakuntza nahikoa eta egokia bermatu dezan. Eskaera hau azpikontratatutako langile guztiei ere aplikatu behar zaie.