OSAKIDETZA

ELAk Osakidetzari exijitu dio medikuak berma ditzala EAG guztietan

2024/01/15
Laudioko Etengabeko Arreta Gunean (EAG) urtarrilaren 12an izandako gertakariak onartezinak dira: pertsona bat bihotzekoak jo eta erizainek artatu zuten, ez baitzegoen medikurik. ELAk salatzen du Osakidetzak normalizatu egin duela EAGak irekiera medikurik gabe.

Urtarrilaren 12an, pertsona bat hil zen Laudioko EAGn. Egun horretan, Etengabeko Arretako Gune horretan ez zegoen medikurik, eta erizainek artatu behar izan zuten. Urteak dira ELAk Eusko Jaurlaritzaren Osakidetzako murrizketa politika salatzen duela, eta Etengabeko Arretako Guneen kasua beste adibide bat da. Duela urte batzuk, Osakidetzak EAGak itxi zituen, hala nola Gorlizekoa, Deustukoa, San Martingoa eta Zumarragakoa; orain, normalizatu egin du EAGak irekitzea, talde osoa bermatu gabe; zehazki, medikurik gabe. Hala gertatu da Bidezabalen, Areetan, Mungian, Laudion, Amurrion, Lekeition, Ondarroan...

Osakidetzak izandako aurreikuspen falta dela eta, gaur egun egiturazko gabezia oso larriak daude. Kategoria jakin batzuetako langile eskasia, batez ere medikuena, planifikazio faltari eta lan baldintzen okertzeari dagokio. Badauden langileek ez dute Osakidetzan lan egin nahi.

Sailburuak behin eta berriz argudiatzen du mediku eskasia dagoela bere jokabidea justifikatzeko, baina sistematikoki ukatzen du egoera horren atzean dagoen errealitatea: plantillak jasaten dituen lan baldintza eskasak. Egonkortasun falta, behin-behinekotasun handiak edo lan gainkarga sistematikoa dira plantilla horiek pairatzen duten errealitatea, eta errealitate horrek beste aukera profesional batzuk bilatzera eramaten ditu, hala nola osasun pribatua, beste erkidegoetara jotzea edo atzerrira joatea. Gainera, Laudioko EAGn gertatu bezala, zerbitzuak ematen ari diren langileen arrisku psikosozialak areagotzen dituzte. Edonork ikus dezake baliabide egokirik gabe lan egiten ari den talde batek, kasu honetan bezala, estres eta presio handiagoa jasaten duela.

ELA bere atsekabea adierazi nahi die hildakoaren senideei, pazienteari osasun-laguntza egokia eta kalitatezkoa eskaini ez zaion egoera batean hil baita. Osakidetzari eskatzen dio ELAk EAGetan medikuen presentzia bermatzea. Era berean, Osasun Sailari eskatzen dio Osakidetzaren desegiteari eta murrizketei amaiera ematea, osasun arreta eta langileen eskubideak bermatuko dituzten neurriak hartzeko.