OSAKIDETZAKO BILTEGIAK

ELAk Osasun Kontseilariari eskatu dio pribatizazioa eteteko

2025/02/27
Sailburuak Basurtuko Ospitalera egindako bisitarekin bat eginez, ELA Sindikatuak elkarretaratzea egin du biltegietako langileekin batera gogorarazteko biltegien proiektua "stand by" egoeran geratu dela eta Sailaren asmoen berririk ez dutela.

ELA sindikatuaren ustez, Eusko Jaurlaritzak joan den azaroan iragarri zuen Osakidetzako biltegiak pribatizatzeko proiektuaren behin-behineko etena, langileen mobilizazioei esker izan zen horrela. Orduan eraman behar zuten biltegiak zentralizatzeko proiektua Osakidetzako Mahai Sektorialera, haren etorkizuna baloratzeko, eta, lau hilabete igarota, oraindik ez dago gaiaren inguruko berririk. Era berean, sindikatuak salatu du Osakidetzak 2025erako planteatutako negoziazio egutegian ez dela aurreikusten biltegiez hitz egitea.

ELAk uste du Osakidetzaren proiektua guztiz baztertuta ez dagoela, eta mobilizatzen jarraitu behar dute 130 milioi euroko pribatizazioa behin betiko geldiarazteko. Horregatik, sindikatutik Osasun Sailburuari eta Osakidetzari eskatu diete edukirik gabeko Mahaietatik harago, proiektua behin betiko gelditzea adostea eta biltegiak %100 publikoak izatea.