OSAKIDETZA
ELAk Osasun sailari eskatu dio proposamen zehatzak Mahai Sektorialera eramateko
Alberto Martinez Osasun Sailburuak asteak daramatza iragartzen Osakidetzaren arazo larriei irtenbidea emateko martxan jarri nahi dituen neurri nagusiak. Iragarpen horiek, ordea, ez ditu abian jarri eta areago, ez du bakar bat bera ere eraman Osakidetzako Mahai Sektorialera. Gogora dezagun mahai horretan negoziatzen direla langileen baldintzak. Ondorioz, ELAk Osasun Sailari eskatu dio Mahai Sektorialera lehenbailehen eraman ditzala proposamen zehatzak Osakidetzaren arazo estrukturalei aurre egiteko.
Jaurlaritza osatu zenetik, Mahai Sektorialeko bi bilera egin dira, eta horietan neurri bakarra proposatu da: medikuen aparteko orduen prezioa hobetzea. Hori izan zen, halaber, aurreko Jaurlaritzak Mahaira ekarri zuen proposamen bakarra. Neurri horrek ez dio sakoneko arazoari heltzen (Osakidetzak aparteko orduak ordaintzen ditu 1992. urteaz geroztik). Neurri hori ez da eraginkorra izan, eta, gainera, kalte handia egiten dio profesionalen osasunari, lan gainkarga sistematikoa jasaten baitute.
Bestetik, Sailburuak ezohiko LEP bat iragarri zuen, baita lan baldintzak hobetzea ere, 108 mediku plaza bete zitezen. Azken urteotan, ELAk planteatu du profesionalen eskasiari aurre egiteko ezinbestekoa dela plantillak egonkortzea, kontsolidazio aparteko LEPen bidez; baita lan baldintzak hobetzea ere. Sailburuaren adierazpenek erakusten dute aldarrikapen horiei erantzutea borondate politiko kontua dela. Gogora dezagun Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza ziurtatzen legalki ezinezkoa zela kontsolidazio EPEak martxan jartzea eta ez zela beharrezkoa langileen lan baldintzak hobetzea.
ELAk salatu du sindikatuek komunikabideen bidez izan dutela proposamenen berri, eta hedabideen eta aldizkari ofizialaren bidez jakin dutela Larrialdietako Koordinatzaile Nagusiaren lanpostua sortu dela. Mahai Sektorialean ez da ezer ere ez planteatu horri buruz.
Mahai Sektorialean aparteko neurririk ez proposatzeaz gain, bi aste atzeratu da Osasun Itunaren bigarren bilera, hasiera batean gaurko aurreikusita zegoena. ELAk urteak daramatza egoeraren premiaz ohartarazten eta neurri zehatzak lehenbailehen martxan jartzeko beharra azpimarratzen. Hori dela eta, nekez uler daiteke ekimen falta hori. ELAk Sailburuari eskatzen dio lehenbailehen jar ditzala martxan finkatzeko aparteko LEPak kategoria guztietarako. Behin-behinekotasuna Osakidetzako plantillaren erdiari baino gehiagori eragiten dion arazoa da. Era berean, funtsezkoa da kolektibo osoaren lan baldintzak hobetzea, izan ere, Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa 2009an amaitu zen.