ELAk Osasun Sailburuari Anne Ganuza umearen heriotzean bere ardura politikoa onar dezala exijitzen dio
Era berean, Jon Darpon, Osasun Sailburuaren jarrera salatu nahi dugu. Atzo Legebiltzarrean egin zuen agerraldian edozein ardura politiko saihestu zuen eta Larrialdietako Zentru Koordinatzaileko langilea erruduntzat hartu zuen, era honetan, ardura indibidualez gain ez zuen inolako elementu estrukturalik aztertu nahi izan.
Sailburuaren jarrerak oso egoera konplikatuan jarri ditu Osakidetzako langile guztiak, profesionalek zigor-txostenean egin ditzaketen alegazioak jaso gabe gizarte guztiaren aurrean arduradun moduan hartu zituen. ELAk bere buruari galdetzen dio presio mediatikoaren mehatxuak ez ote duen langileen osasun-irizpidean ondoriorik izango.
ELAk uste du Anne Ganuzaren heriotzean parte hartu duten elementu guztiak aztertu behar direla, ahal den neurrian, antzeko egoera batek emaitza berdina izan ez dezan. Zentzu horretan, Sailburuaren jarrerak ez ditu lan-irizpideak hobetuko, bere ardura politikoa saihesteko bakarrik balio du.
ELAk kasu honetan ondorioak ateratzeko elementu gehiago kontuan hartzeko eskatzen du, gutxienez hurrengo hauek:
- Kasu hauetan erabiltzen diren protokoloak eta formazioa aztertu behar dira eta, noski, ekintza hauen barruan Osakidetzako profesionalek protokolo hori modu egokian jarraitu duten. Horrez gain, protokolo horiek hobetzerik dagoen aztertu behar da. Era berean, egoera hauetan telefono bidezko atentzioa alternatibarik onena den aztertu beharra dago, honek balorazioak egiteko dauzkan zailtasunak kontuan izanda.
- Barizelaren txertoa txerto-egutegitik kanpo egoteko arrazoia aztertzea nahi dugu eta, gainera, farmazietatik txerto hau erretiratzeko arrazoia. Erabaki hauekin familiek bere kontura txerto hau erostea ekidin da. Barizelaren txertoa Osakidetzako pediatra askok gomendatzen dute, baina, hala ere, txertoa eman nahi duten senideek Andorrarako bidaiak probestu behar dituzte berau erosteko. Era berean, Osakidetzako pediatrek beste hainbat txerto ematea gomendatzen dute, hala nola neumokokoaren aurkakoa, baina hauek txerto-egutegitik kanpo daude. Ez da posible irizpide ekonomikoa mediku-irizpidearen gainetik egotea.
- Txagorritxuko Ospitaleko Larrialdi-zerbitzuaren egoera ere aztertzea nahi dugu. Badakigu langile falta larria dagoela, bereziki erizainen egoera muturrekoa dela, eta langileek lan-karga onartezinak dauzkate. Horrez gain, zerbitzu horretan pediatria espezialistak ez egotearen arrazoia jakin nahi dugu.
- Trebinuko ekintzen koordinazioa aztertzea eskatzen dugu eta, orokorrean, Araba osoan larrialdi egoeretako prozesuak aurreratzerik dagoen.
- Arabako anbulantzia medikalizatu bakarra izatearen arrazoia ere jakin nahi dugu eta, kasu zehatzean izan zezakeen eraginkortasuna alde batera utzita, anbulantzia falta horrek erabaki kritikoak hartzerakoan egoera baldintzatzen duen, anbulantzia bat nonbaitera bidaltzean beste kasu batzuk zerbitzurik gabe utz ditzaketelako. Gainera, hil ala biziko egoeretan erantzuteko denborak murrizteko aukerak aztertu beharra dago eta, egoera horietan, oinarrizko bizi euskarria heltzeko denbora murriztu beharra dago.
ELAk uste du zalantzak egon daitezkeen kasu guztietan ardura indibidualak argitu beharra dagoela, baina ardura indibidual horrek ezin du organizazio baten ardura orokorra ezkutatu eta, argi dagoen moduan, ardura kolektibo hori Osasun Sailburuak hartu behar du beregain. Kasu honetan gertatutakoak ziurrenik Osakidetza guztian izango ditu ondorioak eta, hemendik aurrera, langileek osasun irizpideaz gain erabakiek izan ditzaketen ondorio mediatikoak ere kontuan izan beharko dituzte. Are gehiago, kontuan izan behar dugu egoera hauek epaitzerakoan murrizketen ondorioz ez dauzkagula zerbitzuak emateko behar ditugun baliabideak.
Azkenik, ELAk uste du egun Osakidetzan ematen diren prozesu guztietan baliabide faltak, langile faltak eta zerbitzua aurrez-aurre ez ematearen aldeko apustuak erabat baldintzatzen dutela osasun-zerbitzua.
Euskal Herrian, 2014ko martxoaren 27an