IRREGULARTASUNAK OSAKIDETZAN
ELAk Pneumologiako EPEaren emaitzak ikertzeko eskatu dio Fiskaltza Nagusiari

Gogoratu behar da, pasa den otsailaren 13an, ELAk Osakidetzari jakinarazi zizkiola gaur egun abian dagoen Pneumologiako EPEaren lehen azterketaren emaitzetan antzeman zituen ustezko irregulartasunak, eta premiazko ikerketa bat irekitzeko eskatu ziola, gertatutakoa argitzeko. Halaber, emaitzak publiko egiteko eskatu zion ere.
Hurrengo egunean, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen ez zuela eskatutako ikerketa irekiko, horretarako oinarririk ez dagoela iritzita, ez baitago ez salaketarik ez errekurtso formalik.
Azpimarratu behar dugu ELAk berriro antzeman duela, 2017an gertatu zen bezala, Osakidetzako EPEaren emaitza batzuk deigarriak direla, gutxienez. Zehazki, Pneumologoen kategoriako lehen azterketan, 2022ko abenduan egindakoa, puntuaziorik handiena lortu zuten lau pertsonak ospitale berekoak dira, eta horrek, estatistikaren ikuspegitik, emaitza benetan deigarriak ematen ditu. Hori gutxi balitz, deigarriak dira lortutako puntuazioak: 69 hautagaietatik 8k soilik lortu dute 100etik 70 puntu baino gehiago. Hala ere, lehenengo 4 izangaiek (ospitale berean lan egiten dutenak) 82 puntu baino gehiago lortu dituzte. Azkenik, aipatu behar da Osakidetzako 13 ospitaleetan Pneumologiako profesionalak daudela.
Egoerak azalpen zaila du prozesu garbi eta berdintasunezko baten ikuspegitik, eta horregatik ELAk gertatutakoa ikertzeko eskatu zion Osakidetzari. Osasun Sailak eskatutako zentzuan urrats bakar bat emateari uko egin dionez, sindikatuak Fiskaltzara jotzea erabakia hartu du, gertatutakoa ikertu dezan, horren arabera joka dezan eta, halakorik balego, dagozkion erantzukizunak argitu daitezen.
Egungo EPEa abian jartzeari begira, ELAk eskatu zuen azterketak pertsona independenteen esku geratzea, baina, azkenean, Osakidetzak uko egin zion horri.
ELAk Osakidetzari eskatu dio beharrezko pausoak eman ditzala hautaketa gardena, inpartziala, aukera-berdintasuna bermatuko duena eta enplegu publikorako sarbidea arautuko duten printzipioak bermatuko dituena. Eskatutako ikerketa irekitzeari uko egiteak argi eta garbi erakusten du ez duela inolako borondaterik bide hori egiteko.