Osakidetza

Baliabide falta dela eta erasoak areagotzen ari dira

2025/01/30
Sindikatuak azaldu du erasoak egunero gertatzen direla eta, Zuzendaritzak konponbiderik jartzen ez duen bitartean, langileak normalizatzen ari direla egoera.

ELA kezkatuta dago langileek Osakidetzan egunero jasaten dituzten erasoak direla eta, fisikoak zein hitzezkoak. Joan den ostiralean, urtarrilaren 23an, Basurtuko Ospitaleko larrialdietako mediku batek eraso bat jasan zuen, eta kasu hori ez da isolatua, sindikatuak dioenez. ELAk salatu du egoera jasanezina dela eta plantilla egoera normalizatzen hasia dela. Zuzendaritzak ezarritako mekanismoak erabili arren (intzidentzien sistema), ELAk kritikatu du ez duela eraginik eta Zuzendaritzak ez duela irtenbiderik ezartzen.

Gaiaren muinean, ELAren arabera, larrialdi zerbitzu tentsionatuak daude (adibidez, Basurtuko Ospitalean, 20 paziente baino gehiago pilatzen dira artatuak izateko, 10 baino gehiago box batean sartzeko...). Sindikatuak azaldu du ohikoa dela pazienteen urduritasuna, sarri langileen aurka egiten dutelarik. Langileek hori saihesteko modurik gabe lan egiten dute, sindikatuak dioenez.

ELAren arabera, Osakidetzan egindako murrizketen ondorio zuzena da egoera. Alde batetik, gero eta baliabide gutxiago bideratzen dira lehen mailako arretara. Langile eskasia handia da, eta paziente gehiago artatu behar dituzte, eta, gainera, hitzartutakoak baino ordu gehiago egin behar dute lan. Gainera, Etengabeko Arreta Guneek gero eta murrizketa gehiago jasaten dituzte. Zehazki, Bilbon, 2021ean Deustuko EAGren gaueko arreta itxi zen, eta 2024an Osakidetzak Areilzako EAGa itxi. Horrek guztiak pazienteak ospitaleko larrialdietara zuzenean joatera behartzen ditu.

Murrizketak aplikatzen diren bitartean, Osakidetzak (kasu honetan Bilbo-Basurtu ESIak) ez ditu bere plantillak indartzen. Gainera, larrialdi-zerbitzua zaharkituta geratu da, baina berregituratzea ez da lehentasuna Osakidetzarentzat, nahiz eta jakin arazoak daudela.

ELAk Osakidetzari eta, bereziki, Basurtuko Ospitaleko Zuzendaritzari eskatu dio orain arte aplikatutako murrizketak leheneratzeko eta larrialdietako langileek pairatzen duten egoera konpontzeko bitartekoak jartzeko.