OSAKIDETZA

ELAk salatu du hautagaitza eta esleipen prozesuen kudeaketa negargarria dela

2025/02/14
Akatsak, atzerapenak eta ez betetzeak etengabeak dira, eta eragin zuzena dute langileen enpleguan eta lan baldintzetan.

ELAk elkarretaratzea egin du gaur Bilbo, Osasun Delegaritzaren aurrean, Osakidetzaren kudeaketa  salatzeko. Osakidetzako langileek, azken urteotan, hautaketa eta esleipen prozesuen "kudeaketa negargarria" jasaten ari dira, ELAren iritziz. Behin-behinekotasun tasa handiei, lan kargen igoerari, erosahalmenaren galerari edo kontziliazio neurriak izateko arazoei gehitu behar zaizkie hautaketa, esleipen eta mugikortasun prozesuetan behin eta berriz gertatzen diren akatsak, atzerapenak eta ez betetzeak. ELAren aburuz, egoera horiek onartezinak dira, eta eragin zuzena dute plantillaren enpleguan eta lan baldintzetan, hala nola herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatean ere. 

Azken hilabeteetan, ELAren arabera, egoera onartezinak gertatzen ari dira kontratazio zerrendei, lekualdatze lehiaketari eta abian dagoen EPEari dagokienez. Hau da ELAk egiten duen egoeraren irakurketa:

  • KONTRATAZIO ZERRENDAK: Osakidetzak uztailean iragarri zuen, laster, aldi baterako kontratazio-zerrendak integratu eta eguneratuko zituela. Aurreko hilabeteetan izena eman duten kategoria guztietako hautagaiak integratu behar ditu, kontratatuak izateko aukera izan dezaten; eta, aldi berean, kategoria horietako langileen egoera eguneratu behar du, 2018-19ko EPEko nota, esperientzia profesionala eta euskararen hizkuntza-eskakizuna barneratuz. 7 hilabete igaro dira eta arazoek jarraitzen dute. Osakidetzak atzo argitaratu zituen kategoria mediko gutxi batzuen zerrendak, eta oraindik ez ditu kategoria gehienen zerrendak eguneratu. Zerrendak ez eguneratzeak eragin zuzena du kontratazioetan, eta, ondorioz, kontratuak galtzen dituzten hautagaiak daude.
  • LEKUALDATZE LEHIAKETA: Osakidetzak ez du betetzen sinatzuen duena, eta lekualdatze lehiaketa horren adibide garbia da. Gogora dezagun prozesu horrek aukera ematen diela langile finkoei beren plaza beste leku batera aldatzeko. Osakidetzak urtean bi deialdi egin beharko lituzke kategoria guztietarako, baina ez ditu inoiz egin. Langileek mugitzeko duten eskubidea sistematikoki urratzen du. Azken mahai sektorialean berretsi du ez duela kategoria guztietarako deialdirik egiteko asmorik. Noiz arte itxaron behar du etxetik kilometrotara plaza duen pertsona batek? mahai sektorialaren planteamenduek ez dute balio, gero betetzen ez badira.
  • EPEa: estabilizazio OPEa 2024a amaitu baino lehen ebatzi behar zen, Legeak hala ezartzen baitzuen. Eta, gainera, Osakidetzaren konpromisoa zen 20+21+22 EPEa (arrunta) eta estabilizazio EPEa batera ebaztea. Ez bata, ez bestea ez du bete Osakidetzak. Estabilizazio EPEa oraindik ez da ebatzi, eta ohiko EPEaren ebazpena estabilizazio EPEa baino dezente geroagokoa izango da. Sailburuak EPE berriak iragartzen dituen bitartean, plantillak ez daki oraindik noiz amaituko den martxan dagoena. Osakidetzako langileek hamarkadak daramatzate urteetan luzatzen diren EPEak bata bestearen atzetik egitera behartzen dituen sistema bat jasaten.