OSAKIDETZA
ELAk salatu du mahai sektorialean ez dela planteatu arazo larrientzako konponbiderik

Mahai Sektorialak egindako bileraren ondoren, ELArentzat ondorioa argia da: forma berrietatik haratago, Osakidetzak ez du konponbiderik planteatzen osasun publikoaren arazo nagusientzako, hala nola, “behin-behinekotasun tasa izugarrientzat eta plantillaren lan-baldintza eskasentzat”.
Osakidetzak gaur berriz defendatu du betetzen zailak diren lanpostuen zerrenda egiteko planteamendua, familiako fakultatiboetara mugatuta (irekita utzi da ospitaleko espezialitate batzuk sartzeko aukera). ELAren ustez, agerikoa da zailtasun horien atzean behin-behinekotasun tasa eta lan-baldintzak onartezinak daudela. Sindikatuaren ustez, plantilla egonkortzeari ekin behar zaio, eta, besteak beste, 2009. urteaz geroztik amaitutako Lan Baldintzen Akordio Arautzailea berritu behar da. “Eta hori kategoria guztietan, ez bakar batean”, dio irmo.
Osakidetzak maiatzean sindikatuei emandako informazioaren arabera, 46.000 langiletik 3.000 aldi baterakoak dira eta kontratu laburrak dituzte. Gainerakoetatik 22.157 aldi baterakoak dira, eta urteak daramatzate kontratuak kateatzen, etengabe aldatzen ESItik, zerbitzutik, lantokitik, eta abar. Horri gehitu behar zaio 2.879 plaza daudela bete gabe.
Testuinguru horretan, gaurko Mahai Sektorialean ELAk berriro azpimarratu du beharrezkoa dela, beste edozein gogoeta egin aurretik, kategoria guztietarako aparteko kontsolidazio-prozesuak deitzea. Osasun Sailak aparteko EPE bat iragarri du dagoeneko, meritu-lehiaketaren sistemaren bidez familiako fakultatiboen 108 plaza betetzeko. “Hori egin beharko litzateke kategoria guztietako tenporalekin. Borondate kontua da”, dio.
Testuinguru horretan, SATSEk eskatuta berriki Justizia Auzitegi Nagusiak eman duen epaia, (Osakidetzak abian duen EPEa hankaz gora jartzen duena) albiste txarra da ELArentzat. Izan ere, salbuespenezko behin-behinekotasun tasen testuinguruan, sindikatuaren posizioa beti izan da lehentasuna izan behar dela aldi baterako plantillak finkatzea zerbitzuak ematen urte luzeak daramatzaten Administrazioan.
Horregatik, ELAk EPE hartan planteatutako gaietako bat zen Osakidetzan emandako zerbitzuak beste administrazio batzuetan emandakoak baino puntuazio handiagoarekin barematzea. Hori zen eskainitako plaza guztiekin egingo zena. Orain, aipatutako epaiak eskatuta, hori estabilazio EPEko plazetan aplikatuko da (3.723), baina ez gainerako 3.919etan. Horrela, Osakidetzako plantillak hautaketa-prozesu honetan plaza bat finkatzeko zituen aukera handiagoak mugatuko dira.