ELAk salatu du osakidetzak ez duela euskara planari egindako proposamen sindikal bat ere negoziatu
Osakidetzak hitza eman zuen II. Euskara Plana Mahai Sektorialean negoziatuko zela (bertan Osakidetzarekin batera sektoreko sindikatu errepresentatiboek parte hartzen dugu). Horretarako testu zirriborro bat helarazi eta eskatu zigun posizioa finkatzeko, Mahai Sektorialean negoziazioari ekite aldera. ELAk esandako garaian eta moduan egin zuen, ohartaraziz Planak ez zuela benetan edukirik; ez zegoen konpromisorik, kronogramarik, ez aurrekonturik... Gainera, sindikatu honek negoziatzeko hainbat gai eta proposamen ere mahairatu zuen.
Beraz, eskaria beteta, bilera deialdiaren zain geunden, jakinik errealitatea bera egoskorra dela: Osakidetzako plantilla zertan den, eskari sozial gero eta handiagoa, gai honen inguruko arauetan ezarritakoa, giza-baliabide eta material nahikoak jartzeko eta prozesuan aurrera egiteko aurrekontu baten aldarrikapena, Osakidetza egiten ari den murrizte politika... Negoziazio gogorra espero genuen, baina halaber funtsezko akordioren bat iristeko prest geunden.
Darpon sailburuak berak aurreratu zuen Legebiltzarrean sindikatuak deitzear zegoela Plana eztabaidatzeko. Alabaina, Osakidetzarentzat sobera daude sindikatuak, negoziazioa, Mahai Sektoriala eta bere esanera ez dagoen oro. Hortaz, euskalduntze politika negoziazioan eta akordioetan bermatu ordez mahai sektoriala eta euskara bere irudi kanpainarako erabili nahi ditu.
ELAk salatzen du Osakidetzak Mahai Sektorialaz eta euskaraz baliatu nahi duela, sindikatuez bezalaxe, hizkuntz-normalizazioko araudian ezarritakoa eta berak hartutako konpromisoak (II Plana negoziatzea) baztertuta. Ez dauka lotsarik gu ostiralean bilera batera deitzek, jakinagatik beren dokumentua dagoeneko eginda dagoela. Asteartean kaleratzeko asmoa dute, Euskararen Egunean. Zer negozia daiteke bilera hortan astearteko testua itxita badago? Helburu bakarra argazki bat ateratzea da; ELAk ez du parte hartuko.