ELAk salatu du Osakidetzako lehen lerroko hainbat langile babesgabe dagoela txertoa gaizki banatzen ari delako

Antzeko ezaugarriak dituzten ESIen egoera alderatuz gero, ikusiko dugu txertaketa-zenbakiak oso desberdinak direla. Nola liteke urtarrilaren 24an Debabarrena ESIko lantalde ia guztia txertatuta egotea, eta aldiz emergentzietako ESIan, zeinak izugarrizko arriskua duen, txertoa soilik 8 lagunei eman izana? Urtarrilaren 31n Bilbo-Basurtun 775 lagunek jaso zuten txertoa, Ezkerraldea-Gurutzeta ESIan 2.154k, Barakaldo-Sestao ESIan 719k, eta Bidasoa ESIan 144k besterik ez.
Gogoratu beharra dago Osakidetzak erabakitako protokoloak txertaketarako lau fase bereizten dituela. Lehena lehen lerroko langileei dagokie eta azkena, kutsatzeko arrisku txikiena dutenei. Bada, txertatzeko ordena ez errespetatzeaz gainera, Osakidetzak ez du bermatzen dosiak ekitatez banatuko direnik; honek lantaldearen osasuna arriskuan jartzen du, batik bat kutsatzeko arriskurik handiena dutenen kasuan.
Horrek agerian uzten du Osakidetzako langileen txertaketan nagusi den kontrol eta planifikazio eza. ELAk galdegin du kudeaketa gardena izan dadila eta ziurta dadila ekitatezko banaketa, txertaketa protokoloen araberakoa:
Ordezkari sindikalei honako datuen berri eman behar zaie:
- ESI bakoitzean 1. fasean zenbat lagunek hartu behar duten txertoa, eta zenbatek jaso duten.
- Txerto berriak noiz jasoko diren eta nola banatuko diren.
- 1. faseko langileen txertaketa lehenetsi behar da, ezin zaio 2. faseko jendeari txertoa ematen hasi bermatu arte lehentasuna duen langile orok jaso duela.
- Azpikontratatutako langileei txertoa eman behar zaie duen arriskuaren arabera, eta ez lan harremanaren baitan, hots, azpikontratatuta egon ala ez. Ezin da onartu emergentzietako lantaldeko langileak txertaketaren 1. fasean agertzea eta azpikontratatuak, berriz, 4. fasean.